Masusta haur eskola inauguratu dute

Txomin Madina Milikua 2007ko otsailaren 5a

Gaur goizean, otsailak 5, inauguratu dute Aramaion Masusta haur eskola. Jende ugari hurbildu da ekitaldira, eta momentuz haur eskolan izena eman duten 9 haurrek, euren jolastoki berria ezagutzeko aukera izan dute.


Txistu doinuekin eman zaie ongietorria gaur Aramaioko Masusta haur eskolaren inauguraziora hurbildu diren herritar eta agintariei. Ondoren, herri eskolako haurrek aurreskua eta bertsoak eskaini dituzte, eta apaizak Masusta haur eskola dagoen egoitza bedeinkatu du. Bidatz eta haizea bikiak izan dira zinta mozteaz arduratu direnak.
 
Aramaion irekitzen duten lehen haur eskola da Masusta, eta Jurgi Lopez de Arkaute eta Maika Martinez dira irakasleak. Orain artean haur eskola zerbitzua erabili nahi zuten guraso aramaioarrek Arrasatera eramaten zituzten umeak, beraz herrian horrelako zerbitzu baten beharra argi zegoela uste dute irakasleek.
 
Masusta Haur eskola
 
Ekipamendu aldetik, haurrendako gelak ez ezik, komuna eta sukaldea ere baditu Masusta haur eskolak.
Momentuz 9 haurrek eman dute izena bertan, baina matrikulazio epea zabalik dago oraindik, eta datorren kurtsora plazak betetzea espero dute.
 
Gaur inaugurazio eguna izan bada, bihartik aurrera hasiko da eguneroko martxan  haur eskolan. Lehen egunetan, hori bai, haurrak inguru berrira ohitzea izango da egin beharrekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak