Manex Agirre laugarrena izan zen Gasteizko finaleko saioan

Irati Agirreazaldegi 2007ko api. 23a, 10:55
Gasteizko Jesus Guridi auditoriuma beteta zela jokatu zuten Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Asier Otamendi, Manex Agirre, Juan Mari Juaristi eta Zigor Enbeita bertsolariek Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Oihane Pereak jantzi zuen txapela, eta Iñaki Viñaspre izan zen bigarren.

Giroa bero izan zen, eta Debagoienetik ere gerturatu zen jendea, Arrasatetik eta Aramaiotik, batez ere. Zaleen oihu eta animuak entzuteaz gain, bertsolari batzuen aldeko pankartarik ere ez zen falta izan aretoan. Manex Agirre finalistak esan digu: "Bertsolari guztiok bat etorri ginen esatean, iazkoarekin alderatuta, finala hobea izan zela, bai emandako mailarengatik eta baita jendeak erakutsitako bertso gogoarengatik ere".


Saio erregularra egin ostean, hainbat urtetan bigarren postuarekin konformatu behar izan den Oihane Perea izan zen txapeldun; bigarren, Iñaki Viñaspre sailkatu zen; Asier Otamendi izan zen hirugarren; Manex Agirre, laugarren; Juan Mari Juaristi, bosgarren; eta iazko txapelduna, Zigor Enbeita, azkena izan zen.

Zortziko txikian, gustura

Pablo Pagegi gai emailearen esanetara jardun zuten sei bertsolariek. Zortziko nagusian Manex Agirrek eta Juan Mari Juaristik ekin zioten txakurtegi batean topo egin zuten bi lagunen paperean: bata txakurra uztera zihoan, eta txakurraren bila, bestea. Lehenak zirelako-edo, hotz xamar jardun zuten.

Zortziko txikiko jardunekin piztu zen giroa. Barreak eragin zituen Juaristi eta Perearen saioak. Oihanek etxean jaiak antolatzen zituela-eta, kexu zen Juan Mari bizilaguna. Aitarekin erosketak egitera joan eta, kondoiak erosi zituelako, lotsa sentitu zuela kantatu zuten hurrengo lanean Otamendik eta Viñasprek.

Manex Agirrek esan digunez, bera ere zortziko txikiko lanarekin geratu zen gusturen. Pailazo hasi berria zen, eta Zigor Enbeitak lanbidea erakutsi behar zion. Polito jardun zuen ofizio horretan.

Bina bertso bota zituzten gero, hasierako puntua emanda. Aramaioarra, lan hori amaituta ere, pozik geratu zen.

Hamarreko txikian, herri txiki bateko autobus geltokian ipini zituen gai emaileak Manex Agirre eta Oihane Perea, eta txukun borobildu zuten saioa. Maila polita erakutsi zuten Viñasprek eta Juaristik ere, erretiratuen erresidentzia batean topo egiten duten bi adinekoren paperean. Asier Otamendik eta Zigor Enbeitak, prostitutu paperean ere, polito moldatu ziren.

Bakarkakoan, poto

Bakarkako lanean etorri zen saioaren beheraldia. Manex Agirrek bertso hunkigarriak bota zituen, semeari jateko duen apurra ematen dion gizon baten paperean. Somaliara jo zuen aramaioarrak eta, bertsoak egoki borobildu arren, poto batek ihes egin zion bakarkakoan. Ez zen izan poto egin zuen bakarra, ordea, Otamendik, Viñasprek eta Enbeitak huts berbera egin baitzuten saioan barrena. Oihane Pereak lan bila dabilen emakume baten larruan sartuta botatako bertsoak izan ziren bakarkakoan aipagarrienak.
Lehen atala amaituta, eta puntuazioaren arabera, lehenengo biek egin zuten aurrera: Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre gasteiztarrek. Seiko motzean, umorea nagusi izan zen, bai bertsoetan eta baita entzuleen barreetan ere.

Kartzelako lanean, ordea, urduritasunarengatik, beharbada, ez zuten guztiz asmatu.

Antolatzaileak gogoan

Sari banaketaren eta agurren ordua etorri zen gero. Oihane Perea zoriondu zuten agurrean gainontzeko bertsolariek, eta txapeldunak familia eta bertso eskoletan diharduten emakumeak izan zituen gogoan.

Sariak ematera, Arabako bertso eskoletako ordezkariak igo ziren taula gainera. Laugarren sailkatuarena bitxia izan zen, Manex Agirre aramaioarrak Xabier Agirre aitaren eskutik jaso baitzuen saria. "Kasualitatez izan zen. Berari tokatu zitzaion laugarrenari oroigarria ematea, eta ni izan nintzen laugarren. Hala ere, ilusioa egin zidan aitak saria emateak", esan digu Manex Agirrek.

Agurrean, txapelketa antolatzen buru-belarri jardun duten Irati Lotina eta Lierni Altuna, aramaioarra, izan zituen gogoan.

Txapelketatik atseden hartuko dute orain, baina Araban bertsotan jarraituko dute gogoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak