Manex Agirre hirugarren geratu da Arabako Bertsolari Txapelketako finalean

Txomin Madina Milikua 2009ko api. 6a, 00:23
Zapatu arratsaldeko bostetarako Gasteizko Printzipal Antzokia jendez lepo zegoen Arabako Bertsolari Txapelketaren finala jarraitzeko. Pankartak nonahi, eta giroa gori: aurten inoiz baino arabar gehiagok jarraitu dute txapelketa kanporaketatik finalera arte. Azkenean, Oihane perearentzat izan zen txapela.

Idoia Beitiaren agindupean aritu ziren sei finalistak: Ricardo Gonzalez de Durana, Asier Otamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre aramaioarra  eta Juan Mari Juaristi. Saio borobila burutu zuten guztiek, inoiz baino freskotasun handiagoarekin.

Azkenean, Oihane Perea gasteiztarra izan zen garaile 609,5 puntu eskuratuta eta Asier Otamendirentzat izan zen bigarren postua 588 punturekin. Fin asko ibili arren, Manex Agirrek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Lehenengo biek gainera, udazkenean hasiko den  Euskal Herriko Txapelketa Nagusian hartzeko aukera lortu zuten.

Egin beharrekoak

Finalak bi fase izan zituen. Lehendabizikoan zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso bota behar izan zituzten ofiziotan. Bakarkako ariketa, bestalde, puntuari erantzuna eta gaiari bina bertso kantatzea izan zen. Buruz burukoan seiko motzean eta gaiari hiru bertso abestea zuten eginbeharra. Askotariko gaiak jorratu izan zituzten, txantxetarako zein gogoetarako aukera ematen zutenak.

Denek utzi zuten ale gogoangarriren bat lehen fasean, baina bigarrenerako txartela soilik Otamendi eta Perearentzat izan zen. Estua izan zen lehia bigarren fasean eta bakarkakoan erabaki zen txapelduna: Otamendik egindako ustekabeko potoak amaierako puntuazioan eragin zion; azkenean, Perea txapeldun.

Agirre, gustura

Hirugarren geratu arren, gustura zegoen Manex Agirre egindako lanarekin, lehen fasean bigarrenetik oso puntu gutxira geratu baitzen. Otamendirekin hamarreko txikian botatako bertsoekin geratu zen gusturen aramaioarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak