Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa finalerdietara

Irati Agirreazaldegi 2007ko martxoaren 5a

Asteburuan jokatu dira Arabako bertsolari txapelketako bi kanporaketa eta jadanik erabakita dago zeintzuk egingo duten aurrera. Txapelketa hasi zuten hiru aramaioarretatik bi finalerdietan izango dira.

Egubakoitzean Eskuernagan jokatu zen txapelketako bigarren kanporaketa eta kantuan aramaioarrik ez bazegoen ere aurkezle lanetan estreinako aldia zuen Garazi Erizek polito bete zuen bere papera.

Aramaioarrek Araiako sagardotegian jardun zuten bertsotan zapatuan. Lierni Altuna herritarraren esanetan lanak txukun bete ostean, Manex Agirre sailkatu zen lehenengo eta Andere Arriolabengoa hirugarren. Biek eskuratu dute finalerdietarako txartela.

Finalerdia Aramaion

Datorren asteburuan atseden hartu ostean, martxoaren 18an jokatuko da lehen kanporaketa Zigoitiako Ondategi auzoan. Zigoitia aretoan izango da saioa 17:30ean eta Manex Agirrek bertan abestuko du.

Bigarren finalerdia, berriz, Aramaion izango da martxoaren 25ean kultura etxean 17:30ean. Herritarrek Andere Arriolabengoa aramaioarra entzun ahal iizango dute bertan.

Bertan erabakiko da, hain zuzen ere, zeintzuk sailkatuko diren apirilaren 21ean Gasteizko Jesus Guridi auditorioan egingo den finalean kantatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak