Domeka arratsaldean jokatu zen Aramaioko kultura etxean Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdia aretoan 100 lagun inguru zirela. Aramaioko eta aurreko finalaurreko puntuak kontuan hartuta erabakita dago finaleko seikoa; tartean da Manex Agirre aramaioarra.
Herriko ordezkari Andere Arriolabengoarekin batera Rikardo Gonzalez de Duranak, Serapio Lopezek, Juan Mari Juaristik, Oihane Pereak eta Asier Otamendik jardun zuten Lierni Altuna aramaioarraren esanetan.
Zortziko handiko lanarekin hasi zuten saioa eta nahiko zuzen eta serio jardun zuten. Aipatzekoa da Juan Mari Juaristik eta Serapio Lopezek aita-semeen ahotik gerra kontuen gainean egindako jarduna.
Txikian, umorea izan zen nagusi. Jendeak barre gehien Juaristi eta Gonzalez de Duranaren lanarekin egin zuen. Bi bertsolari ziren eta saio erdian argia joatean batek esku bat sumatu zuen izterrean.
Hamarreko txikian saioko bi neskak jardun ziren egoki herri txiki bateko azken bi familietako kide modura.
Aramaioarrak urduri hasi zuen domekako saioa baina amaierarako hartu zion tamaina eginbeharrari.
Kartzelakoan, egunkarian irakurritako berri batek zer pentsatua eman ziela eta horren gainean kantatu zuten. Oihane Pereak polito bete zuen lana. Amaieran bera izan zen irabazle 344 punturekin eta ondorengoak hurrenez hurren: Asier Otamendi (341,5), Juan Mari Juaristi (337), Rikardo Gonzalez de Durana (317), Andere Arriolabengoa (310,5) eta Serapio Lopez (304,5).
Finalistak
Finalerdiak jokatuta erabaki dute apirilaren 21ean Gasteizko Jesus Guridi auditorioan jokatuko den finaleko seikotea: Oihane Perea, Asier Otamendi, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre aramaioarra.