Madrilgo arkitektura ikasleen proiektuak, Sastiñan ikusgai

Julen Iriondo 2010ko urt. 27a, 12:14
Aramaioko Sastiña ermitan ikusgai dago Madrilgo unibertsitate bateko arkitektura ikasleek herrirako egindako proiektuak jasotzen dituen erakusketa. Proiektuak ez dira bere horretan gauzatzekoak, baina udaleko arduradunek diote ikasleek egin dituzten azterketetatik badaudela aprobetxatu daitezkeen gauzak. Otsailaren 12ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Aramaioko Udalaren, Arabarriren eta Madrilgo San Pablo Ceu arkitektura unibertsitatearen artean gauzatutako ekimena da. Arabako kultura ondare eraikiaren ezagutza, kontserbazioa eta leheneratzea sustatzeko ardura duen aldundiaren baitako sozietate publikoa da Arabarri, eta Madrilgo unibertsitatearekin duten harremana aprobetxatuz Aramaioren gaineko lana egin dute oraingoan hango ikasleek, lehenago herrialdeko beste zenbait herritan egin bezala. 130 ikaslek jardun dute Aramaioren gaineko lanak egiten. Hauetako batzuk urrian izan ziren herrian, eta bailara osoa ezagutu zuten. Ikusitakoaren eta udal ordezkariek eta herritarrek kontatutakoaren arabera egin dituzte proiektuak, eta horietako batzuk Aramaiora ekarri dituzte orain. Proiektuak arlo desberdinetakoak dira: mugikortasuna, ekologia...

Lanen aurkezpenarekin amaitu dute Madrilgo unibertsitateko ikasleek Aramaioren gaineko tailerra. Dena dela, gura lukete etorkizunean itzuli eta herrirako balizko proiektuen gainean euren ekarpena egiten jarraitu. Oraingoz, egindako lana argitalpen batean jasoko dute. Ikasleak dira eta euren ikasgaiak horrela eskatzen duelako egin dituzte lanak, baina amaitu berri duten azterketan oso kontuan izan dute agian Aramaio bikain legokeela ezer ukitu gabe ere: “Lanen bat egitekotan, hauek oso kontuz egin beharrekoak izango lirateke, bailararen egungo egoera ezin-hobea delako, iraunkortasun eta oreka handiko lurraldea delako; naturak, eraikitako guneek eta bizilagunek elkarbizitza bikaina dute Aramaion”, adierazi du aurkezpenean Luis Perea irakasleak. Madrilgo ikasleen proiektuen erakusketa otsailaren 12ra arte egongo da ikusgai, Sastiñako ermitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak