Madrilgo 60 bat arkitektura-ikasle txundituta geratu dira Aramaiorekin

Goiatz Arana Begiristain 2009ko urr. 4a, 15:32
Atzo eguerdian, zapatua, etorri ziren bisitan. Giro ezin hobearekin eta Asier Agirre alkateak gidatuta, Ibarratik abiatu eta auzoz auzo joan ziren, herria osotasunean ezagutzeko.

Madrilgo San Pablo CEU unibertsitateko ikasleak ziren bisitariak, Arkitekturako laugarren mailakoak. Hirigintzaren gaineko teoria eta lurzoruaren legeak ezagutzen ari dira eta ikasitakoak praktikara eramateko, proiektu bat egin behar dute. Aramaion kokatuko dute, eskolak Arabarrirekin –Arabako Diputazioaren sozietate publikoa– duen hitzarmenaren bitartez.

Egitarau oparoa zeukaten eta osorik bete ahal izan zuten. Ibarra, Barajuen, Etxaguen eta Olaetan egin zituzten geldialdiak. Herri gunearen eta auzoen egiturak, bertako baserrien tipologia edota AHTren lanak ezagutu zituzten; eta udal ordezkariek Aramaioko Plan Orokorra aurkeztu eta euren herria baserritik bizi izan dela kontatu zieten, besteak beste.

Ondorioak, urtarrilerako

Behin herrian bertan izanda, ikasleek datuak biltzen jarraituko dute datozen asteetan eta, lau hilabete barru, bueltan etorriko dira, etorkizunerako nolako Aramaio diseinatu duten erakustera Udalari. Egiten ari diren lana interesgarria dela azaldu digu Asier Agirrek  eta lagungarri izango zaiela, gaineratu: "Kanpotik datozenen ikuspegia ezagutzea ondo dator, beti".

Ikasleek Aramaiori buruz zer kontatu diguten bihar, urriak 5, argitaratuko dugun Asteleheneko Goienkarian irakurri ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak