Lurrak desjabetuta, hasi dituzte dagoeneko lanak

Arritxu Barruso 2008ko ira. 3a, 19:57
Hirugarren deialdian izan bazen ere, azkenean uztailaren 29an altxatu ziren Aramaioko lurren desjabetze aktak. Aktak sinatuta, berehala hasi zituzten lanak uztaileko azkeneko egunetan.

Esan bezala, Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkaritzak hiru deialdi egin behar izan zituzten desjabetze aktak altxatzea lortzeko. Horietan guztietan, Aramaioko alkateak, uko egin zion aktak sinatzeari "ez zirelako behar bezalako baldintzak betetzen". Azkenean Asier Agirreri alkate boterea kenduta Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkari Gloria Sanchezek sinatu zituen aktak.


Egun hartan, akta bakarra gelditu zen sinatu barik, Udaletxeak Zabola auzoan duen 7.000 metro koadroko lursail batena, hain justu. Alkateak, orduan ere, ez zuen onartu aktak sinatzea. Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkariak, orduan, abuztuaren zazpian alkatea deitu zuen lursailean bertan aktak sinatzeko. Gloria Sanchezek sinatu zuen orduan ere akta. Alkateak salatu du egun hartako segurtasun neurriak ikaragarriak izan zirela: "140 bat polizia zeuden Guardia Zibil eta Ertzain artean. Udaletxetik atera eta lursailera iritsi arte hiru polizia kontrol pasatu genituen. Lotsagarria izan zen". Azkeneko desjabetze akta hori sinatuta, beraz, Abiadura Handiko Trena igaroko den lursail guztiak Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) eskuetara pasa dira.

Segurtasun neurriak

Zabola auzoan makina bat kamioi eta hondeatzeko makina dabiltza lanean. Alkateak salatu du ez dituztela segurtasun neurriak errespetatzen eta Udaletik egindako eskariak ere ez dituztela erantzun: "Abiada handian ibiltzen dira kamioiak eta errekan ere sekulako sarraskia ari dira egiten.Nahi duten guztia egiten dute". Agirrek azaldu du horrela jarraituz gero epaitegietara jo beharko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak