Lehen aldiz bisitatu du Zarrabeitia diputatuak Aramaio eta Arrasate arteko bidea

Goiena 2010ko ira. 15a, 17:24
Hamaiketan zuten hitzordua gaur Aramaion udaleko, Adifeko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariek, eta ordu horretarako, hainbat herritar zeuden bilduta udaletxe aurrean, errepide mozketa dela eta herritarrek eta bertako negozioek pairatzen duten egoera salatzeko. 'Bidea zabaldu' izan da lema errepikatuena.

Ia ordu eta erdiz egon dira bilduta hiru aldeak, eta lur-jausia gertatu zenetik lehen aldiz, Aramaiora etorri da Luis Alberto Zarrrabeitia Herrilan eta Garraio diputatua. Udaletxean bildu ostean, errepide kaltetura abiatu dira. Emilio Alvarez Adifeko obra zuzendariak adierazi du, lur-jausiaren ondorioz egin beharreko lan gehienak martxan doazela, eta iragarri du desbideraketa Gabonetarako amaituko dela.

Asier Agirre alkatearen esanetan, bilera estua izan da, eta Adifek dagoeneko errepidea desbideratzeko lanak hasi dituen arren, diputazioak ez duela behar besteko azkartasunarekin erantzun salatu du.

Agirrek gaineratu du eskatuko dutela oraingo errepide alternatiboa eta honek igarotzen dituen auzoak jasandako kalteak lehenbailehen hastea konpontzen.

Luis Alberto Zarrabeitia Herrilan eta Garraio diputatuak bere aldetik, positibotzat jo du bilera, eta onartu du, errepide alternatiboaren egoera ikusita, hainbat lan urgentziaz hasiko direla, batez ere eguraldiak ekarri ditzakeen arazoei aurre egiteko.

Gaineratu du ulertzen dituela udaletik eta herritarren aldetik egon diren kexak, baina azaldu du diputazioak erantzukizunez jokatu duela eta herritarrei konfiantza eskatu die arazoa behar bezala konpontzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak