Kultura Etxeko Gazte Lokala martxan izango da irailerako

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 6a, 11:45
Irailetik aurrera Aramaioko Kultura Etxean lokal bat izango dute erabilgarri herriko gazteek. Bi bileraren ostean adostasun batera iritsi dira Udala eta gazteak.

Aramaioko Udalak bi bilera egin ditu herriko gazteekin aurreko urteetan zeresan handia eman duen gai honi irtenbide bat eman guran. Gazteekin bi bilera egin ostean adostasun batetara iritsi dira alde biak Asier Agirre alkatearen esanetan. "Gazteek Udalak egindako eskaintza onartu dute", azaldu du. "Kultura Etxean dagoen lokala zabalduko zaie irailean. Lokal hori, egun, hiru zatitan banatuta dago eta lanak egingo ditugu bi erabilpen emateko. Bata aisialdi gunea izango da eta bestea lantokia".

Egokitze lanak abuztuan
Asteotan Aramaioko Udalak lanak egingo ditu Kultura Etxeko lokal horretan guztia prest egon dadin irailerako. "Lokala bi gunetan banatzeaz gain segurtasun neurri bereziak hartuko dira, esaterako leihoak babestu egingo ditugu oso handia baitira", azaldu du alkateak.

Alkatea gustura
Pozik agertu da Aramaioko alkatea herriko gazteekin izandako hartu-emanarekin. Udalak apustu bat egin duela esan du eta emaitzak denborak ekarriko dituela dio. "Gazteek erakutsi dute eurengana zuzenduz gero badakitela berba egiten. Apustu hori egin du Udalak eta denborarekin ikusiko dira emaitzak. Harreman bat izatera heldu gara eta hori oso garrantzitsua da".



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak