Asier Agirre Aramaioko alkatearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren ongi etorriaren ostean, Lourdes Oñederra eta Sagrario Aleman euskaltzainek lagunduta, Patxi Uribarren San Martin elizako aldarera igo zen euskaltzain oso egingo zuen sarrera hitzaldia egitera.
Zirelako gara, garelako izango dira izenburuarekin euskarak Aramaio izan duen bilakaera azaldu zuen Uribarrenek bere hitzaldian, transmisioari buruzko gogoeta eginez. Lehenengo hitzak, baina, Herrike Knorri eskaini zizkion "jakintza entziklopedikoaren jabe" zela esanez. Hitzaldiaren amaiera, bestetik, Euskal Herri osoan euskararen alde diharduten erakunde eta pertsonen lana eskertu eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuen eta azpimarratu zuen "aurreko belaunaldietatik jaso dugun euskara etorkizuneko belaunaldie eskaini" nahi diela.
Erantzuna Jose Luis Lizundiren ahotik etorri zen, Ganbarruetatik Araba euskaldunera hitzaldiarekin.
Hitzaldiak amaitu ostean, eta euskaltzain berriak, Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela hitza eman ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoen domina eta diploma eman zizkion Patxi Uribarreni. Ekitaldi amaieran, gainera, hainbat opari jaso zituen: Bizente Goikoetxea abesbatzarena, Aramaioko Udalarena, familiarena, Txirritola elkartearena eta Lagun Artean dantza taldearena.