"Kuadrillaz Kuadrilla Euskaraz" ekimena aurkeztuko dute

Maider Arregi 2009ko aza. 12a, 13:50
Arabako kuadrilla guztietara euskararen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko "Kuadrillaz Kuadrilla Euskaraz" ekimena jarriko du martxan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak. Antzerki txiki baten ondoren, hitzaldi baten bidez, egingo da aurkezpena. Azaroaren 18an, eguaztenean, 19:30ean izango da Zigoitiako zentro soziokulturalean.

 

Arabako kuadrilla guztietara euskararen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko "Kuadrillaz Kuadrilla Euskaraz" ekimena jarriko du martxan Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Programa aurrera eramateko kuadrilletako euskara teknikariekin eta zenbait enpresarekin elkarlanean ariko da Ziurtagiriaren Elkartea. Izan ere, helburu nagusia Arabako arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea da. Azken batean, hizkuntzaren normalizazioan eragin nahi da modu erakargarri eta parte-hartzailean.

2009ko azaroaren 18an emango zaio hasiera programari, Zuiako kuadrillan egingo den saioan. Kuadrilla guztietan egitaraua antzekoa izango da, baina entitateak eta euskara teknikariak aldatu egingo dira. Izan ere, tokian tokiko errealitateari eman nahi zaio garrantzia eta tokian tokiko testigantzak jaso nahi dira.

Saio guztiak antzerkiarekin hasiko dira. Araban, bertako kuadrilletan eta haietako arlo sozio-ekonomikoan euskararen egoera zein den adierazteko umorez bustitako antzerki lana prestatu du Ortzai taldeak. Antzerkiaren ondotik, kuadrilla bakoitzean euskararen egoera nolakoa den erakusten duten datuak aurkeztuko dituzte tokian tokiko euskara teknikariek. Ondoren, leku bakoitzeko pare bat enpresek euskara euren organizazioetan txertatzeak enpresarentzat nahiz gizarte osoarentzat zein onura dakartzan azalduko dute. Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen egoera oro har nolakoa den eta arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez nolako lana egiten duen esplikatuko du.

Hizlariek amaitu ostean, bertaratutako guztiek hartu ahalko dute parte mahai-inguruan. Saioa amaitzeko, pare bat minutuko azken aipamena egingo dute antzezleek. Horrezaz aparte, saioetara gerturatzen diren guztiek ideien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Parte hartzaileak:

ORTZAI, antzerki laborategia
Rober Gutierrez, Ziurtagiriaren Elkarteko kidea
Ekaitz Elorriaga, ULMA taldea
Manex Agirre, Koadrilako euskara teknikaria

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak