Koadrilen arteko txapelketaren finalean Aramaio bi aldiz igoko da oholtzara

Arritxu Barruso 2010ko mai. 2a, 19:41
Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketan lan bikaina egin dute Aramaioko bertsolariek. Bi lehiaketa egin dira batera: bat-bateko txapelketa eta bertso sorta kolektiboen lehiaketa. Bada, bietan ere aramaioarrak finalera iritsi dira.

Bat-bateko txapelketa 

Aramaiok talde indartsua eta eskarmentu handikoa izan du bat-bateko txapelketan: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Xabier Igoa eta Iker Agirre.
Bederatzi taldek hasi zuten lehia, baina Aramaioko laukoteak poliki-poliki guztiak menderatu eta finalera iristea lortu du. Arerio bakarra geratzen zaio orain; Gasteizko Kakiturri-Ehari taldea. Maiatzaren 8an, zapatua, jokatuko den finalean Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Felipe Zelaieta bertsolariak izango dituzte aurrez aurre Landatxoko taula gainean.  


Aramaioko laukotea finalaren eguna iristeko irrikan dago: "Gogotsu gaude. Buruz buruko txapelketetara ohituta gaude baina hau taldekakoa da. Horrelako lehiaketa egiten den lehen aldia da. Jakin-min handia daukagu eta esperientzia berria probatzeko gogoarekin gaude", azaldu digu Andere Arriolabengoak. Laukoteak egindako lanarekin pozik azaldu da: "Bagenekien gauzak ondo eginez gero finalera iristeko aukera genuela; gauzak ondo joan dira, lan polita egin dugu eta finalera iritsi gara".

Bertso sorta kolektiboa

Bertso sorta kolektiboen lehiaketan hamalau laguneko taldeak ordezkatu du Aramaio; horietako bat da Xabier Agirre: "Oso talde polita osatu dugu. Batzuk bertsozaleak, beste batzuk ez, beste batzuk kantua gustuko dutenak... Bertsoak aurrez prestatu eta ondoren, trikitia eta perkusio kaxa batekin lagunduta jendaurrean abesten ditugu". Talde honek ere gasteiztarrak izango ditu aurrez aurre zapatuko finalean; Martin Ttipia eta Aldapazaleak taldeekin batera jokatuko dute-eta finala. Oraingo honetan Araba izango dute bertsotan egiteko gaia. 


Kuadrillen arteko txapelketak giro polita sortu du herrian eta partehartzaileek diote herritarren babesa sentitu dutela: "Jende asko mugitu du lehiaketak eta herritarrek txapelketa jarraitu dute. Kalean gelditu egiten gintuen jendeak eta saioen inguruan galdetu", dio Agirrek.
   

Egun osoko festa

Egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako. Goizetik hasiko dute festa. 12:00etan bertso poteoa egingo dute Gasteizko Hala Bedi tabernan. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egongo da eta bertso saioak 17:30etan hasiko dira. 


Datorren zapatuan ere aramaioar asko hurbilduko da seguruenik Landatxora. Gauzak ondo ateratzen badira, gainera, egongo da zer ospatu. Aramaiok dobletea egin dezake finalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak