Kirol ibilbide luzeari dagokion errekonozimendua emateko, omenaldia 'Matxain'-i

Miren Manias 2010ko ira. 12a, 21:20
Jesus Fernandez de Arroiabe eskoriatzarra omendu zuten atzo Aramaioko plater-tiro elkarteko lagunek, izan ere, askok izan dute txikitatik Matxain irakasle. Enrike Ullibarriarana elkarteko presidenteak azaldu digunez, Matxain oso tiradore ona izandakoa da, oraindik ere tiratzen du, eta bizikletan ere munduko txapelketetan jardundakoa da. ''Gaztetan hasi ginen gu plater-tiroan eta Kurtzetako gainean ibiltzen zirenen artean Matxain zen onena, erreferente izan da guretzat, asko irakatsi izan digu-eta''.

Domina eta kopa ugari

Plater-tiradore moduan, Espainiako eta munduko txapelketa askotan hartu du parte Fernandez de Arroiabek. Horietatik asko irabazi egin ditu, eta, guztietan garaile bilakatu ez bada ere, gehienetan, marka ona egin eta lehenengoen artean kokatu da. Haren ibilbide osoari erreparaztu gero, orri oso bat bete beharko genuke hori kontatzeko. ''Eskoriatzako Marulanda auzoko tabernakoa naiz eta bertan dauzkat urtetan irabazitako kopa eta domina guztiak'', zioen Matxain-ek. Eta kopa asko dira.

Aramaioko plater-tiroko lagunekin oso ondo portatu izan da beti: ''Tiradetara askotan ekarri izan ditu berak sariak eta prezio bereziak egin dizkie aramaioarrei bere arma-dendan. Beteranoa izan arren, hari besteei moduan kobratzeko eskatu izan digu beti'', azaldu zuten Kurtzetako gainean bildutako lagunek.

Omenaldi hunkigarria

Aramaioko lagunek tirada saioa egin zuten atzo arratsaldean, Matxain-en begiradapean. Omenaldia egin behar ziotela bazekien eskoriatzarrak eta hunkitu samar ikusi genuen: ''Lagun on asko ditudan seinale da. Ikusten duzu, jende askoren artean nago gaur eta hori oso ederra da. Egia esateko, hemen beti izan dugu giro ona''.

Gauean, berriz, omenaldia egin zioten Aramaioko Untzueta tabernan. Aurreskua dantzatu zioten, eta txapela eta landutako egurrezko oparia eman zizkioten. ''Luzerako izango nauzue, ez pentsa!''.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak