Urte asko pasa dira azkeneko gida egin zenetik. Izan ere, orain dela 15 urte izendegi moduko bat egin zuen Udalak, baina ez zuen kaleratu. Udalarendako dokumentu moduan geratu zen. 15 urte hauetan, gainera, Aramaio asko aldatu da: etxebizitza asko egin dira, kale berriak ere badaude, eta horiek guztiak jasoko zituen dokumentu bat beharrezkoa zen. Udaleko langile Judith Arriolabengoak azaldu du kale-izendegi baten premia handia zegoela: "Auzoetan, esaterako, arazo handiak sortzen ziren.Baserri batzuetan ez zekiten zehazki ze zenbaki zeukaten. Etxebizitza berri asko egin dira eta horrek ere nahaste handiak eragiten ditu. Posta banatzaileendako ere dena askoz errazagoa izango da orain".
Zabolan eta Zalgon, esaterako, etxebizitza berriak egin dituzte azken urteotan eta horiek ere jasotzen ditu kale-izendegiak. Bestalde, Pedro Ignacio Barrutia kalean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzak ere jasotzen dira. Oraindik bukatu barik dauden arren, atarietako zenbakiak ere ipini dituzte kale-izendegian.
Apirilerako kalean behar zuen izendegiak, baina azkenean atzeratu egin da publikazioa. Sei hilabete horietan proiektu asko aurkeztu dira udaletxean eta zenbait baimen ere eman dira. Arriolabengoak azaldu du pena dela, proiektu edo etxebizitza posible horiek kanpoan geratu direlako.