Jon Agirre presoaren egoera salatzeko manifestazioa zapatuan

Goiena 2010eko maiatzaren 12a

Jon Agirre preso aramaioarrak 29 urte daramatzala preso gogora ekarri zuten atzo egindako prentsaurrekoan, eta baita ere, "gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan sartuta" dagoela. Salatu zuten bizitza osorako espetxe zigorra aplikatu diotela Agirreri. Manifestazioa zapatuan, maiatzak 15, izango da Aramaioko plazan hasita, 18:00etan.

Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, 30 urterako zigortu zuten Agirre eta 1996an bete zituen zigorraren 3/4ak, eta 2006ko urrian aske utziko zutela jakinarazi zioten. Hala ere, urte bereko irailean, Entzutegi Nazionaleko doktrina berria indarrean sartu (Parot doktrina) eta, hori horrela, 2011ko maiatzaren 3ra arte luzatu zioten kartzela zigorra, 30 urteak osotasunean bete eragiteko.

Espetxe politika

Hori horrela, preso aramaioarraren egoera salatzearekin batera, gaur egungo espetxe politika salatu gura dute, eta eskatu sakabanaketarekin amai dezatela eta baita bizitza osorako zigorrekin ere. Era berean, euskal preso politikoak askatzea "premiazkoa" dela uste dute, eta salatu gura dute, baita ere, momentu honetan espetxeetan oso egoera larria bizi dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak