Irizpide berriak zehaztu eta urtebete pasatxoan onartuta egon daiteke plan orokorra

Julen Iriondo 2009ko aza. 11a, 15:12
Aramaion plan orokorrarekin bueltaka ari dira azken urteetan. Aurreko agintaldian Stoa izeneko taldeak hartu zuen, lehiaketa bidez, plana egiteko ardura. Talde idazleak iaz aurkeztu zuen plan-aurrerakina, baina egungo udalbatza eta herritarrak ez daude bere edukiarekin ados; are gehiago, Arabako Foru Aldundiak ere atzera bota du. Udalak kanpoko txosten bat eskatu zuen ondorioz, plana egiteko irizpide berriak zehazten laguntzeko. Alde guztiek txostena ontzat hartzen badute, plan orokorra egiteko irizpide berriak emango dizkiote Stoari.

2006 urtean, aurreko agintaldian, lehiaketa bidez eman zioten plan orokorra egiteko ardura Stoa izeneko taldeari. 2008ko urrian aurkeztu zuen honek planaren aurrerakina, baina honen edukia ez zen udalbatza berriaren gustukoa. Gai honen gaineko aholku batzordea osatzen duten kideak, dendarien edo bestelako taldeen ordezkariak, eta herritar asko ere ez datoz bat planaren aurrerakinarekin, eta are gehiago: Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak ere geldiarazi egin zuen planaren tramitazioa. Asier Agirre alkatearen arabera "badirudi talde idazleak gehiago izan zituela kontuan lehengo udalbatzaren irizpideak, gaur egungoak emandakoak baino".

Herrian zegoen desadostasun maila ikusita, udalak kanpoko txosten bat eskatzea erabaki zuen.

Maribi Juaristi, hirigintza kontuetan aditua den abokatuak egin du, udalbatzaren, aholku batzordearen eta herritarren iritziak kontuan izanda eta irizpide legalak jarraituz.

 

Txosten honetan irizpide berriak zehazten dira, adibidez, Aramaioko auzoekiko. Udalak nahi du auzoak landa-nukleo izatea, baina planaren aurrerakinak ez zien izaera hori ematen auzo askori. Baina aldundiak ebatzi du baietz, 14 auzoetatik 12 hala direla, eta honekin mugatu egiten da, adibidez, hauetan egin daitekeen etxebizitza kopurua.

Herrigunean, Ibarran, etxebizitzak egiterakoan noren beharrak asetzeko izan behar duen eta horren arabera zenbat etxeren premia dagoen ere zehazten du txostenak.Txostenean esaten da herritarren premiak asetu behar direla, ez eskualdekoak, eta datu bat gehitzen du: Etxebiden 33 aramaioar daude izena emanda. Ondorioz, planaren aurrerakinak proposatzen zituen 303 etxebizitzak gehiegizkoak direla eta 100 kopuru aproposagoa dela dio txostenak. Honekin batera, industria jardueretarako 8 hektarea beharrean 3 proposatzen ditu.

Txosten hau aholku batzordeak, udaleko Hirigintza batzordeak eta osoko bilkurak onartu beharko dute orain. Stoa taldeari irizpide berrien arabera planaren aurrerakin berria egiteko eskatuko diote ondoren. Planaren tramitazioak bere bidea jarraituko du, eta aldundiak eman beharko dio azken onarpena. Dena ondo joanda, urtebete pasatxoan izan dezake Aramaiok plan orokorra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak