Iritsi dira Aratusteak

Arritxu Barruso 2008ko ots. 1a, 10:30
Zapatuan goizetik gauera mozorro artean eta jai giroan ibiliko dira Aramaioarrak. Gazte Asanbladak eta Udalak egitarau zabala antolatu dute.

Gazte Asanbladak antolatutako triki poteoarekin hasiko dituzte Ihauteriak zapatuan Aramaion. Goizeko hamabietan izango da hori. Ondoren bazkaria egingo dute herriko eskolak eguerdiko ordu biak inguruan. Arratsaldean gero Udalak antolatutako mozorro lehiaketarekin jarraituko du festak.

 

Parte-hartzaileek kalejira egin beharko dute kiroldegian hasi eta Herriko Plazaraino. Arratsaldeko bost eta erdietan hasiko da kalejira.

 

Guztira sei sari banatuko dituzte. Taldekako mozorro onenaren sarian haurren eta helduen taldeak bereiziko dituzte. Bietan ere, lehenengo postuan gelditzen direnek 90 euro jasoko dituzte sari gisa eta bigarrenek, berriz, 36 euro. Mozorro orijinalena ere sarituko du. Hori taldekakoa edo banakoa izan daiteke. Kategoria horretan lehenengo saria 48 euro izango da eta bigarrena 30 euro.

Mozorrotuen kalejira Herriko Plazara iristen denean, sari banaketarekin batera txokolatea edateko aukera izango da. Ondoren, giroa berotuta, disko jaia egingo dute. 

Aratusteetako martitzena

Martitzenean ere mozorroak izango dira protagonista Aramaion. Kasu horretan, Aramaioko kaleak txinatarrez beteko dira, San Martin eskolako haurrak aurten txinatar jantziko dira-eta. Ordu biak inguruan herensuge artean kalejira egingo dute eskolatik Herriko Plazara. Bertan, azken asteotan entseatu dituzten txinatar dantzak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak