Inkomunikatuta Cuatrovientos baserrian

Arritxu Barruso 2010ko urt. 31a, 17:36
"Kalera jaitsi nahi badugu oinez joan behar gara. Errepidea behera etorri da eta ezin gara autoz ibili. Bide berri bat eraikiko digutela esan digute, baina euria diharduen bitartean ezingo dituzte lanak hasi". Hauxe da Cuatrovientos baserriko bizilagunek gaur arratsaldean azaldu digutena. Atzo iluntzeko lurjausiaren ostean inkomunikatuta geratu dira.

Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea itxita dago Untzillako bidegurutzearen parean eta horrela jarraituko du gutxienez beste aste batez. Aramaioko alkatea Arabako Diputazioko errepideetako arduradunekin eta Abiadura Handiko Trenaren lanen arduradunekin bildu da gaur goizean. Bilera horretan erabaki dute Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea aste batez itxita mantentzea. "Cuatrovientos baserriko bizilagunei irtenbide bat aurkitzea da gure lehentasuna eta horixe bera azaldu dugu gaur goizean egindako bileran. Abiadura Handiko Trenaren lanetako arduradunek lehenbailehen behin-behineko errepide bat egiteko konpromisoa hartu dute", azaldu du Asier Agirre alkateak.

Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea itxita egonda, zirkulazioa Untzillatik eta Zabolatik bideratuko da. "Untzillako bidea izango da gure alternatiba orain, baina errepide horretan hainbat hobekuntza egin beharko dira zirkulazio handia jaso beharko du-eta", dio Agirrek. Horixe izan da, hain justu, trenaren lanen arduradunek hartu duten beste konpromisoa.

Kontuak kontu, Cuatrovientos baserriko bizilagunek inkomunikatuta jarraitzen dute eta espero dute behin-behineko errepide hori ahalik eta azkarren egitea. Dena dela, behin-behineko bide hori lurrezkoa izango da eta Abiadura Handiko Trenaren lanak egiten ari den enpresak auto bat utziko die. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak