Iker Agirre bosgarren Arabako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan

Irati Agirreazaldegi 2007ko ots. 25a, 19:56
Amurrioko Xarmant txakolindegian jokatu zen zapatuan Arabako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa. Iker Agirre aramaioarrak bosgarren tokia eskuratu zuen sailkapenean.

Asier Otamendik, Zigor Enbeitak, Serapio Lopezek, Alberto Martinez Beittok, Iker Agirrek, Ekaitz Samaniegok, Jagoba Apaolazak eta Xabier Lasak jardun zuten bertsotan afalostean Irati Lotinaren esanetara. Afaritara 50 lagun inguru elkartu ziren eta giro polita sortu zen bertsoen jiran.

Aramaioar bakarra
Lehen kanporaketan bi aramaioar ziren parte hartzekoak: Iker Agirre eta Manex Agirre. Bigarrena gaixotu egin zen eta Asier Otamendik ordezkatu zuen Amurrioko kanporaketan.
Manex Agirrek, Andere Arriolabengoa aramaioarrarekin batera hirugarren kanporaketan jardungo du. martxoaren 3an, zapatuan, Araiako sagardotegian. Bertan, Lierni Altuna aramaioarra izango dute aurkezle. Bestalde, Aramaioko Garazi Eriz martxoaren 2ko kanporaketan egingo ditu aurkezle lanak. Aipatzekoa da Arabako Bertsolari Txapelketan aurten gai jartzaile taldean aramaioarrak direla nagusi; bat izan ezik beste guztiak direlako gurekoak.

Saio Arina
Bertsolariak zortziko txikian eta zortziko handian ofizioka aritu ziren lehenengo, ariketa bakoitzean hiruna bertso bota zituzten. Ondoren, bakarka puntuari erantzun zioten eta hitz bati buruz bertso bana bota.
Amurrioko kanporaketan zortzi bertsolarik jardun zutenez, saioa astuna izan zitekeela pentsatuko zuen batek baino gehiagok baina arin joan zen; zortziko nagusian gai serioak ipini zizkieten, txikian, berriz,  umorerako tarterik izan zen, bertaratutakoen algarak eraginez.


Puntuazioa
Iker Agirrek ofiziotan ongi jardun bazuen ere, hitzaren gaineko bertsoa botatzerakoan irrist egin zuen. Amaieran bosgarren tokian sailkatu zen. Zigor Enbeita zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara.

Hona hemen puntuazioa:

- Zigor Enbeitia 162 puntu

- Asier Otamendi 157 puntu

- Serapio Lopez 152 puntu

- Alberto Martinez Beitto  141 puntu

- Iker Agirre 138 puntu

- Ekaitz Samaniego 137,5 puntu

- Jagoba Apaolaza 135 puntu

- Xabier Lasa 122 puntu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak