Ika-mika izan zen osoko bilkuran

Txomin Madina Milikua 2007ko ots. 1a, 17:33
Osoko bilkura egin zuen atzo Aramaioko udalak. Hartutako erabakien artean, kiroldegiaren eta kultur etxearen kudeaketa lanak nori esleitu izan ziren. Dena den, herritar talde batek Iñaki De Juanaren askatasuna eskatzeko aurkeztutako mozioa osoko bilkuran ez aztertzeak, eztabaida ekarri zuen zinegotzi eta herritaren artean.

Atzoko osoko bilkuran erabakitakoaren arabera, Ekoarabari esleitu zaizkio kiroldegiren kudeaketa lanak eta kultur etxeko kudeaketa, aldiz, Ostadar enpresari. Beraz, ez da aldaketarik egongo udaleko bi zerbitzu horien arduran.
 
Haur eskolako garbiketa lanak esleitzeko baldintzen orria ere onartu zuen Aramaioko udalbatzak, baita Durakogain eta San Adrian mendietako berlandatze lanetarako diru laguntzak ematea ere.
 
Abenduko kontaketen akta egitea eta kreditu transferentzien onarpena izan ziren landutako beste puntu batzuk.

Iñaki de Juanaren aldeko mozioa

Baina atzoko bilkuran tentsio uneak ere bizi izan ziren. Izan ere, herritar talde batek Iñaki de Juanaren askatasuna eskatuz mozio bat aurkeztu zuen, baina Mertxe Mondragon alkateak atzoko bilkuran ez eztabaidatzea erabaki zuen. Horrek, ika-mikak eragin zituen zinegotzi eta bildutako herritarren artean.


Herriz herri ari dira Iñaki de Juana aske uztearen aldeko mozioa aurkezten, Bergaran, Arrasaten eta Eskoriatzan egin dute, esaterako. Hiru kasuotan, presoaren baldintzarik gabeko askatasuna eskatzen duen Etxeraten testuak ez du aurrera egin, baina bai mozio alternatibo batek. EAJ, EA eta EBk babestu dute Eskoriatzan eta Arrasaten; EB abstenitu egin da Bergaran eta alde bozkatu du Aralarrek Bergaran eta Arrasaten. Oñatin gaur iluntzerako deitu dute osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak