Igogailua jartzeko egokitzapen lanak egin dituzte eskolan udan

Edu Mendibil 2010eko irailaren 3a

Amaitzear daude San Martin eskolan igogailua jartzeko egokitzapen lanak. Ekainaren azkenetan ekin zien aipatutako lanei Goitu enpresak, eta, ikasturte berriaren atarian, margotze eta txukuntze lanak baino ez dira geratzen dena gertu izateko. Azkeneko ukituekin dihardute egunotan Goitu enpresako langileek.

Esan bezala, etorkizunean igogailua jarri ahal izateko egokitzapen lanak egin dituzte azken asteotan. Estalkiari altuera handiagoa eman zaio, eta eskailerak bertaraino jarri dituzte, teilatupeko solairuraino, hain zuzen. San Martin ikastetxeko ordezkariek adierazitakoaren arabera, hasiera baten, igogailua hurrengo ikasturtean jartzea aurreikusten da. Eraikinaren kanpoaldetik jarriko dute igogailua, eta teilatupeko solairuraino iritsiko da. Komunak ere jarriko dituzte solairu guztietan.

Udan egindako lanen aurrekontua 99.000 euro ingurukoa izan da eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Udalaren artean ordainduko dituzte lanok.
San Martin ikastetxeko eraikina 1971koa da eta igogailua jartzeko proiektua aspaldikoa.

Eskolara, martitzenean

Ikasturtearen hasiera martitzenean, irailaren 7an, izango da. Ikastetxeak gurasoei bidalitako oharrean, gaztelerazko testua oker dago, bertan irailaren 8an joateko esaten zaielako ikasleei. Beraz, 2 eta 12 urte bitarteko haurrak martitzenean 09:00etan itzuliko dira eskolara. Ikasturte berrian 140 ikaslek eta 18 irakaslek jardungo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak