Bizente Goikoetxea Plazan, informazio-panelen bidez eta hondakin-mota ezberdinen arabera bereizitako kutxen bidez arabarrei informazioa helarazteko stand mamitsua jarriko dute. Kutxa horiekin, hondakin bakoitzari bere tokia dagokiola nabarmendu nahi da. Gainera, gaiaren inguruan prestatutako monitoreek, sortzen ditugun hondakinak, modu egokian, Gutxiagotu, Birziklatu eta Berrerabiltzeko gakoak zeintzuk diren jakinaraziko dizkiete standera hurbiltzen diren herritarrei.
Iragan maiatzaren 21ean ekin zitzaion Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxora arte Arabako Lurralde Historikoko 26 herritara iritsiko den Ekiozu! – ¡Súmate! lemapeko sentikortze-kanpaina honi, arabarrei hondakinen kudeaketaren arazoa hurbiltzeko eta horien kopuruak murrizteko beharra bezalako alderdietan sakontzeko helburuarekin.
Kanpainak, halaber, herriko Udalbatza-aretoan egongo den erakusketa bat ere ekarriko du Aramaiora, eta irailaren 19ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa honen bitartez, Arabako Foru Aldundiak prestatu duen Hondakinen Kudeaketa Plana sakonki ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. 2006. urtean abiarazi zen Plan hau (32,5 milioi euroko aurrekontuarekin), hiri-hondakinak metodo biologien bidez kudeatzeko jarduketa zehatzetarako lerroak ezarri nahian. 2016.era arte jarduteko ezarritako plan honek hainbat ekintza barne hartzen ditu eta, aurtengoan, Arabako hirigune nagusietara heltzeko dibulgazio-kanpaina batean gauzatuko dira.
Sentikortze-kanpainak, kaleko standa eta erakusketa ez ezik, ostiralean, hilaren 19an, Udalbatza-aretoan izango den parte hartzeko tailer bat barne hartzen du. Hondakinak ahal den hobeto birziklatzeari buruzko iritziak eta zalantzak azaldu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dago tailer hau, eta Arabako Foru Aldundiak diseinatutako Hondakinen Kudeaketa Plana ezagutzeko aukera ematen du. Tailer honetan esku hartu nahi dutenek, Bizente Goikoetxea Plazan kokatutako standera joz edo 945 01 07 75 telefono-zenbakira deituz eman ahalko dute izena.