Hirurogeita sei pilotu lehiatuko dira bihar Aramaion

Xabier Urtzelai 2007ko uzt. 20a, 15:18

Gogotik lan eginda, Aramaioko Azpiko Racing elkarteak seigarren rallysprinta egingo du bihar, zapatua (15:30). Hala, auto-zaleendako galdu ezin den hitzordua inoiz baino erakargarriago dator aurten, 66 lasterkari izango dira-eta irteera puntuan, ibilbideari aurre egiteko gertu.

Euskadiko Txapelketetan  lehiatzen dabiltzan pilotu nagusiak izango dira bihar Aramaion. Hala, iazko irabazle –eta txapelketan agintzen dabilen– Santi Artetxe (Peugeot 307 WRC) da faboritoetako bat, eta lehia estua izango du, besteak beste, Joseba Zapirainekin (Seat Cordoba WRC), Ruben Garciarekin (Ford Escort Cosworth WRC), Xabier Lujuarekin (Escoda Octavia WRC) eta Josetxo Zapiainekin (Renault Maxi Megane). Atzetik etorriko dira gainontzeko kategoriak, eta tartean ibiliko dira ibarreko ordezkari Haritz Errasti eta Ander Oion aramaioarrak (Citroen AX Sport), Garagartzako Orobengoa anaiak (Seat Ibiza GT TDI) eta Elgetako Aitor Kortabarria eta Aitor Jimenez (Peugeot 205 GTI). Hori esanda, ibarreko zaleek gertutik jarraitu beharko dituzte hiru auto horiek, igarri egin behar dute-eta etxean korritzen dutela.

Emakumeak lehian
Hori da lasterketako beste berritasunetako bat, emakumezkoek ere euren maila erakutsiko dutela. Hala, Itziar Alonsoren eta Mireia Saizarren Citroen AX GTI autoa ere gertutik jarraitu beharko da. Horrekin batera, ezin ahaztu atzeko trakziodun autoak. Inoiz baino BMW gehiago lehiatuko dira (12), atzeko trakziodun kategorian puntuak gehitzeko gertu.

Ibilbidea, berdin
Hasiera batean, antolatzaileek ibilbidean aldaketa txiki bat egiteko asmoa zeukaten, hau da, 500 metro luzeagoa egin, 180 gradutako kurba bat gehituta. Eta, horrela azaldu dugu gaur etxean jasoko duzuen Goienkaria-n. Hala ere, azken orduko aldaketak medio, antolatzaileek iazko ibilbidea egitea erabaki dute, hau da, ez dute azken kurba ikusgarri hori jarriko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak