Herritarren eta ibarreko zenbait alkateren babesa jaso du Agirrek epaiketa aurretik

Usoa Agirre 2010ko api. 14a, 12:16
Gaur, apirilak 14, egin dute Asier Agirre alkatearen aurkako epaiketa Gasteizen, Arabako Audientzia Probintzialeko zigor aretoan. Aramaioko herritarren eta ibarreko zenbait alkateren babesa jaso du Agirrek epaiketa hasi aurretik. Han izan dira, besteak beste, Eskoriatza, Arrasate eta Antzuolako alkateak eta Enara Minguez Bergarako zinegotzia. Epaiketa hasi aurretik adierazpenak egin ditu Agirrek eta esan du epaiketa honek ez duela zentzurik. Bukatu da dagoeneko epaiketa (15:17); fiskalak bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu du Agirrerentzat.

9:30ean kale-agerraldia egin dute bertaratutakoek 10:00ak arte. 

Komunikabide mordoxka bildu da bertara: bost-sei telebista kamera, argazkilariak,...

Fiskalak Agirreri hasiera batean hiru delitu aintzat hartu zizkion, alkatea epaitegira eramateko: funts publikoen bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta aginteari desobedientzia. Dagoeneko funts publikoen bidegabeko erabilerarena atzera bota du fiskalak berak.

Epaiketa kontsulta egiteagatik

Alkate epaitzen ari dira 2007ko irailean Aramaion AHTren gaineko herri galdeketa egin zelako.

2006ko azaroan 685 herritarrek eta Aramaioko hainbat elkartek Udalari eskatu zioten AHTren gaineko herri kontsulta egitea. Baina Estatu Abokatuak bultzatuta, Arabako Audientzia Probintzialak herri kontsulta debekatu zuen. Gerora, 2007ko udal hauteskundeen ostean, herritarrek eskaera bera egin zuten eta urte hartako irailaren 28 eta 30 bitartean, galdeketa egin zuten. Herritarren %56k esku hartu zuen eta horietatik %98k AHTren kontra bozkatu zuen.

Horren ondorioz, Estatu Abokatutzak alkatearen kontra jo zuen eta haren kontrako epaiketa zabaldu zuten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak