Parte-hartzaileek eskuliburu bat eta CD bat eskuratuko dute doan, eta baita konpostagailu bat ere. Bestalde, eta alde praktikoari dagokionez, 30 metro koadroko lursail bat prestatuko dute koponposta eurek egin dezaten. "Helburua da ikastaroa bukatu bezain pronto euren etxeetan konposta egiteko gai izatea. Lursail horretan konpostagailua nola bete eta erabili ikasiko dute; hondakinak nola pilatu ere ikasiko dute. Azkenik, lur azalean egiten den konpostajea ere praktikatuko dugu. Lur gainean materia organikoa utziko dugu, nola desegiten den ikusteko", azaldu digu Ernesto Seoanek, Lurrek elkarteko kideak eta ikastaroaren antolatzaileak.
Baratzak edo lursail txikiak dituzten pertsonei zuzendutako ikastaroa da. "Adosatuak dituzten familiendako, esaterako, oso aproposa da. Etxean sortzen dituzten hondakin organikoak, belarra edo hostoak konpost bilakatzeko aukera izango dute. Konpost hori, gero, baratzeetarako edo landareendako erabili ahalko dute", azaldu du Seoanek.
Herri txikietan eta baserrietan gero eta ohikoagoa da konposta egitea. Dena dela, Ernesto Seoanek azaldu du oso garrantzitsua dela konposta ona eta kalitatezkoa egitea: "Konposta baratzeetan eta lorategietan erabili nahi bada, oso ondo bereiztu behar dira hondakinak. Hau da, etxeko hondakin organikoetan ez du materia kutsaturik egon behar; lixiba edo pinturarekin, esaterako, kontu handia eduki behar da. Plastikorik ere ezin da egon, ezta animaliekin kontaktuan egon den hondakinik ere, beti dago-eta bakteriaren bat egoteko arriskua".
Ikastaroak sekulako arrakasta izan du Aramaion. 50 pertsonak eman zuten izena. Tamalez, 20 pertsonarendako bakarrik dago lekua; beraz, zozketa egin behar izan dute. Hori horrela, Aramaioko Udalak Diputazioari eskatu dio beste ikastaro bat antolatzeko. Dena dela, azaldu dute zaila ikusten dutela eskatutakoa lortzea.