Herriko zenbait txokotan kalteak azken hileotan

Arritxu Barruso 2008ko ekainaren 13a

Aramaioko Udalak jakinarazi du herriko zenbait gazte arazoak eragiten dabiltzala azken hilabeteetan. Kontua da herriko zenbait lekutan kalteak eragiten dabiltzala.

Udaletxepean dauden postontzietan, aldameneko iturritik hartutako ura botatzen dute, eta gutun guztiak izorratuta gelditzen dira. Kultura etxeko parkean, erreka ondoan, joan zen urtean jarritako baranda berria ere apurtuta agertu zen orain dela aste batzuk. Parke berean, lorazainek erabiltzen duten txabolako leihoak ere apurtu egin dituzte. Azkenik, haurtzaindegi aldamenean ume-kotxeak gordetzeko eraiki zuten txabolatxoan ere kalte ugari eragin dituzte.


Udala haserre agertu da gertakari hauen aurrean eta umeei arduratsuagoak izateko eskatu die, baita gurasoei ere. "Ardura gehiago izatea eskatzen dugu. Azken finean kalte horiek guztiak denok ordaintzen ditugu, eta beste gauza batzuetara bideratzea pentsatzen genuen dirua kalte horiek konpontzeko erabili behar izan dugu" azaldu du alkateak. Udal ordezkariak kezkatu ere badaude umeek min hartu dezaketelako; jakin dute eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzetako lanetan ere ibili direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak