Herri kontsultarako boto-txartelak etxez etxe banatuko dira egunotan

Mirian Biteri 2007ko mai. 14a, 12:25
Abiadura Handiko Trenari buruzko herri galdeketa prestatzeko lanak aurrera doaz. Oraingo astean kontsultan erabiliko diren boto-txartelak banatuko dira etxez etxe. Etxebizitza bakoitzeko, hiru pertsonarendako botoak bidaliko dira, ezezko eta baiezko hiruna.

Hala ere, txartel gehiago behar izanez gero, kultura etxean jarriko den mahaian egongo da beroiek hartzeko aukera. Udal hauteskundeen egun berean izango da galdeketa: hilaren 27an, hain zuzen ere. 

09:00etatik 20:00tara

Euskal Y-aren gaineko botoa 09:00etatik aurrera emateko aukera izango dute aramaioarrek. 20:00ak arte bozkatu ahal izango dute. Ondoren, zenbaketa egiteko ordua iritsiko da. Han izango dira herri kontsultaren aldeko batzordea osatzen dutenak: alegia, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak eta AHTren aurkako Aramaioko taldekoen ordezkariak. Bake epaileari ere zenbaketan egon dadila eskatu diote.

Emaitza gutun-azalean sartu eta Udalan egongo da astebetez, herritarrendako eskuragarri. Batzordean hala adostuta, komunikabideetara ere zabalduko da.

Euskal Y-aren aurka dauden herritarrek, hala ere, ez dute beste bide batzuetatik jotzea baztertzen. Haiek lantzen dabiltzan kanpainaren barruan, oraingo astean bertan, Abiaduta Handiko Trenak  udalerrian eragingo dituen kalte zehatzen berri emango dute, etxez etxe banatuko duten beste eskuorri baten bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak