Dena dela, gazteetan euskararen erabilerak izan duen beheraka ikusgarria da. Gazteetaz berba egiten dugunean 14 eta 25 urte bitarteko herritarrez ari gara. Adin tarte horretan, esan bezala, erabilerak sekulako beherakada izan du: 2001ean %81ek erabiltzen zuten euskara eta gaur egun, berriz, %32k. Helduetan ere behera egin du euskararen erabilerak: %60,9tik %45,6ra.
"Oso arduratuta gaude. Badirudi orain arteko mitoa apurtu egin dela. Beti esan izan da Aramaio Arabako herri euskaldunena dela. Uste dugu jende askok hori erabiltzen duela aitzakia moduan gaztelerara pasatzeko. Gainera hausnarketa bat egin beharko dugu. Gazteek zeinek eredua jarraitzen dute?", azaldu du Rosa Mondragon euskara teknikariak. Euskara batzordeak 2009rako euskara sustatzeko akzio plan bat landu du. Dena dela, azken neurketa horren datuak ezagutu ostean azaldu dute herriko gazteekin esfortzu berezia egin beharko dutela egoerari buelta emateko.