Gazte lokala itxi egin du Udalak arauak ez betetzearren

Arritxu Barruso 2008ko aza. 7a, 10:44
Gazteekin akordio batera iritsi ezinda Udalak azkenean ere gazte lokala istea erabaki du. Irailaren 19an Kultura batzordeak bilera egin zuen eta bertan zerbitzuetako teknikariak eta kultura teknikariak txosten bat aurkeztu zuten. Txosten horretan azaltzen zen gazteek ez zituztela errespetatzen Udalak gazte lokalerako ipinitako arauak eta neurriak. Hori horrela, hortik astebetera gazte lokaleko atea itxi egin zuen Udalak.

Aipatutako txostenean, gainera, gazte lokalaren egoeraren gaineko informazio zehatza jasotzen dela adierazi du Asier Agirre alkateak, argazki eta guzti: "Txostenean zerrenda luze bat dago gazteek lokalari egindako kalteak jasotzen dituena. Hamaika puntu inguru dira. Besteak beste, idatzian jasotzen da lokaleko ateak apurtu dituztela, komunak ere hondatuta daudela, eskaileretan lokalekoak ez diren traste mordoa dagoela eta lokaleko eskaileratik kultura etxerako atea indarrez zabaldu eta apurtuta dagoela".

Hori guztia jakinda, esan bezala, lokala istea erabaki zuten. Horretarako gutun bat bidali zieten gazteei lokalera isteko erabakiaren arrazoiak azaltzen: "Gure arrazoiak azaldu genizkien eta hausnarketa bat egiteko ere eskatzen zitzaien gutun horretan. Bukatzeko esan genien 15 egunen barruan Udaleko ordezkariekin harremanetan ipintzeko arazoari irtenbide bat emateko", azaldu du Agirre alkateak.

Gazte lokalaren ordezkari bi izan ziren Udalarekin kontaktuan ipini zirenak. Errespetuz jokatzeko eskatu zien Udalak, eta argi utzi nahi izan zien euren jarreran aldaketa bat ikusi nahi dutela. "Benetako jarrera aldaketa bat nahi dugu, ez hitzezkoa bakarrik, heldutasun erakutsi beharko dute", dio alkateak.

Gazte lokalarekin gertatutako guztiarekin txosten bat ireki du Udalak eta Agirre alkateak azaldu du txosten hori publikoa dela eta edozein herritarrek irakurri dezakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak