Promociones Aramaio enpresak egindako etxebizitzak dira zazpiak ere. Kontua da, hasiera batean, Ostetan 11 adosatu egitea aurreikusten zuela enpresa eraikitzaileak, baina, Udalarekin akordio batera iritsi ostean hasierako proiektua aldatu egin da. Hori horrela, ez dute adosatu gehiago eraikiko eta horren partez etxebizitza bloke bat egingo dute. "Orain arte egindako adosatuak luxuzko etxebizitzak dira. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoarekin ez da erraza horrelako etxebizitza bat erostea. Gainera, Udalera iritsi ginetik beti esan izan dugu etxebizitza soziala bultzatu nahi dugula, eta erabaki hau bide horretatik doa", azaldu du Asier Agirre alkateak. Izan ere, falta diren lau adosatuak eraiki behar ziren lursailean zortzi etxebizitzako blokea eraikiko du Promociones Aramaiok. Eraikinak bi solairu izango ditu eta behealdean lokal komertzial bat.
Osasun etxea
Udalak Promociones Aramaio enpresarekin sinatutako hitzarmenaren helburu bat da etxebizitza merkeagoak eraikitzea herrian. Baina ez da hori helburu bakarra. Izan ere, akordio horri esker osasun etxe berria eraikiko dute Osteta kalean. Esan bezala, eraikin berriak lokal komertziala izango du eta hor kokatu nahi du Udalak osasun etxea. "400 metro koadroko lokala da eta hitzarmen horretan zehazten da Udalak erosi egingo duela etorkizunean osasun etxea eraikitzeko", dio alkateak.
Horretarako, baina, itxaron egin beharko da apur bat. Izan ere Aramaioko Plan Orokorra onartu arte Promociones Aramaio ez da hasiko bloke berria eraikitzen.
Aparkalekua
Bien bitartean Udalak zortzi etxebizitza horiek eraikitzeko erabiliko den lursaila aprobetxatu nahi du. Hori horrela, enpresa eraikitzailearekin akordio batera iritsi da eta behin behineko aparkaleku bat egokitu dute espazio horretan. "Aramaion aparkaleku falta handia daukagu. 40 auto ingururendako lekua dago aparkaleku horretan eta espero dugu, orain arte, autoa herriko plazan aparkatzen zutenek gune berri hau erabiltzea", azaldu du Agirre alkateak.