Garai bateko hiltegia birgaituko dute

Arritxu Barruso 2007ko abenduaren 14a

Aramaioko eraikin esanguratsuenetako bat da garai batean herriko hiltegia izan zena. Egoera kaskarrean dago egun eta eraikina birgaitzeko proiektua nahikoa aurreratuta dago jadanik.

Arabako Foru Aldundiaren  Arabarri enpresa ari da birgaitze proiektu hori egiten. Arabarri enpresak herrietako erdiguneak zahar berritzen ditu. Abenduari dagokion osoko bilkuran aurkeztuko da Arabarrikoek egindako proiektua, eta onartuz gero Foru Planean aurkeztuko dute Diputaziotik diru laguntzak jaso ahal izateko.

Birgaitze lanen aurrekontua 135.000 eurokoa da. Horietatik 60.000 Arabarrik jarriko ditu eta gainontzeko dirua Diputazioko  Foru Planetik jasotzea espero du Udalak.

Eraikinaren fatxada mantentzea da asmoa. Izan ere, eraikin hori da, Ibarrako garai bateko etxeen ezaugarriak mantentzen dituen bakarra. Hau da, eskailerak kanpoaldean dauzka, eta balkoian komuna. Lehenengo solairuan, hiltegiak lurzoruan zituen errailak ere mantendu egingo dituzte. Horretarako tarima flotatzaile bat jarriko dute, kristalezkoa izango dena. Lehenengo solairua erakusketak egiteko erabiliko da. Bigarren eta hirugarren solairuaren erabilera zehazteke dago oraindik. Baina baliteke Udaletxean teknikariek lan egiteko erabiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak