Ganadua identifikatuta egon beharko da

Edu Mendibil 2010eko martxoaren 31

Aramaioko mendietan dabilen ganaduaren kontrola eraman nahi du Udalak eta hori dela eta, ganadua identifikatzeko lepokoak banatuko ditu apirilaren 30era bitartean. Udaleko iturrien arabera, zenbaitetan inolako identifikaziorik ez duen ganadua iristen da errepideraino eta gertatu izan da kalteak eragitea eta inor ez egitea horren erantzule.

Ondorioz, Aramaioko mendietan solte dabilen ganaduak derrigorrez identifikazio lepokoa eta osasun saileko txapa eraman beharko ditu aurrerantzean. Aramaioko Udalak aurreratu duenez, Arabako diputazioarekin batera, dagozkion neurriak hartuko ditu identifikatu gabeko ganaduarekin. Hain zuzen ere, hori jasotzen duen bandoa kaleratu berri du Asier Agirre alkateak. Esan bezala,  lepokoak udaletxean daude eskuragarri. Behiak, ahuntzak eta behorrak identifikatuta egon beharko dira aurrerantzean. Udalak emandako datuen araera, 55 behi, 111 ahuntz eta 147 behor inguru ziren zenbatuta iaz Aramaion.

Ibilgailuen zerga 

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren errolda egin ondoren jendaurrean jarri da. Interesatuek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak udal bulegoetan aurkeztu ahal izango dituzte apirilaren 16ra bitartean. Izendatutako epean erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, errolda behin betiko onartutzat hartuko da. Zergaren ordainagiriak, apirilaren 26tik ekainaren 26ra, biak barne, ordaindu ahal izango dira borondatezko aldian, Helbideratuta dauden erreziboak,  datorren maiatzaren 5ean kobratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak