Gabonetan ekitaldi ugari Aramaion

Ubane Madera 2006ko abe. 21a, 11:30
Gabonetako ekitaldiekin hasteko, bihar, zapatua, Pedro Inazio Barrutia aramaioarrak idatzitako Actto para la Noche Buena antzeztuko du Doke antzerki taldeak kultura etxean; 20:00etan hasiko da

Domekan, berriz, Olentzeroren eguna da. Ikazkina iluntzean jaitsiko da Aramaiora, 18:00etan. Eskola ondotik atera eta, umeek lagunduta, kalejiran joango da plazara, gozokiak banatzen. Han, neska-mutikoen gutunak batuko ditu, Sastiñan, eta opariak banatuko ditu haien artean. Bien bitartean, gazteen Papargorri abesbatzak eta nagusien Bizente Goikoetxea abesbatzak Gabon kantak abestuko dituzte.  

Ohitura berreskuratu

Bestalde, domekan baita ere, baina goizean, azken 20 urteotan galduta egon zen ohitura bat berreskuratuko dute Azkoaga, Zabola eta Altzaga auzoetan: umeak baserriz baserri joango dira kantuan, baserritar jantzita eta musikak lagunduta. Auzo horietan baserri kopurua handitu egin denez, gainera, 40 baserri bisitatuko dituzte. 09:30ean hasiko dira aginaldoa batzen. 

Sukaldaritza ikastaroak

Bestelako ekitaldien artean, berriz, abenduaren 26tik 29ra, umeendako sukaldaritza tailerra eta gazteendako postre tailerra egingo dituzte. Umeendakoa izango da 10:30etik 12:00ak arte. Menu osoa egingo dute: lehenengo platera, bigarrena eta postrea. Gazteena, berriz, horren ostean izango da: 12:00etatik 13:30ak arte. Mundu Alai enpresa arduratuko da ikastaroez. Ordu eta erdikoak izango dira, 5 urtetik gorako umeei zuzendutakoak.
Bestalde, tartean, abenduaren 27an, Barre fisikoa izeneko antzezlana egingo du Dúo en la Lona taldeak. Hori 17:00etan hasiko da, eta adin guztiendako egokia izango da.  

Ipuin kontalaria eta beste

Eta umeendako zuzendutakoak izango dira baita ere honako ekitaldiak: abenduaren 27an, Auskalorekin, umeendako tailerrak (plastilinarekin lanak, paperezko loreak…); abenduaren 31n eta urtarrilaren 7an, berriz, umeendako zinema emanaldiak egingo dituzte, 17:30ean, kultura etxean.

Iker Diaz Letamendi ipuin kontalariak bi saio egingo ditu urtarrilaren 2an: 17:00etan, 2-6 urteko umeendako eta 18:00etan, 7 urtetik aurrerakoendako.

Urtarrilaren 4an, berriz, puzgarriak ipiniko dituzte kiroldegian, 11:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte.

Bertso saioa

Bukatzeko, Gabonetan egin ohi duten bertso saioak ez du kalerik egingo. Aurten honako bertsolariak gonbidatu dituzte urtarrilaren 5erako: Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Etxahun Lekue eta Manex Agirre aramaioarra. 19:00etan hasiko da saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak