Euskadiko Txapelketako hirugarren proba egingo dute domekan Aramaion

Xabier Urtzelai 2009ko apirilaren 30a

Iazko esperientziatik gauza asko ikasita, aurten ere Aramaioko mendiko bizikletako bigarren saria antolatzera animatu dira (domeka, 10:30), Euskadiko Txapelketako hirugarren lasterketa izango da eta hainbat berrikuntzekin dator. Hasteko, ibilbidea aldatu dute.

"Iaz eguraldiarekin ez genuen zorte handirik izan, eta zirkuituan zegoen lokatzak dezente baldintzatu zuen proba. Baina, hori ez zitzaigun guri bakarrik gertatu, lasterketa gehienetan lokatza mordoa egon zen-eta", adierazi du aurten ere antolaketa lanetan buru-belarri dabilen Martin Arriolabengoak. Hain zuzen ere, lokatzak komeni dena baino protagonismo handiagoa har ez dezan, antolatzaileek iazko ibilbidea aldatu dute: "Ibilbide berrian lokatz gutxiago egoten da, eta ez da iaz bezain aldapatsua. Bertan ibili direnek esan digute polita dela; badago aldapa gogorren bat edo beste, baina motzak dira".
Zirkuituak 5.200 metro ditu, eta 140 metroko desnibela: "Izenematea Ibarran bertan egingo dute, pilotalekuan. Baina, lasterketa Arriolako auzoan hasiko da, hortaz, ziklistek 1,5 km inguru egin beharko dituzte bizikletan. Gorputza berotzen joateko ondo etorriko zaie".

Hainbat kategoria
Lasterketa 10:30ean hasiko dute, eta lehenengo tandan elite mailakoak, master 30ekoak eta 23 urtez azpikoak irtengo dira. Lau minutu geroago, berriz, master 40 kategoriakoak, emakumezkoak, gazteak eta kadeteak.
Parte-hartzaileei dagokienez, iazko irabazle Lejarreta ez da lasterketan izango, eta, Joseba Leon da faboritoa. Debagoiendarren artean Dorletako Amako Bicicletas CDR eta Lizarralde Kirolak taldeko ziklistak lehiatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak