Euskadiko Open Spiuk txapelketa, domekan Aramaion

Xabier Urtzelai 2008ko eka. 5a, 18:33
Aramaioko mendiko bizikletako zale koadrila baten ekimenez Euskadiko Openeko txapelketa egingo dute domekan (10:30), egutegiko zortzigarrena. Hala, datozen bi asteotan Openeko bi lasterketa izango dira gurean, Arrasatek –ekainaren 14an– hartuko dio-eta Aramaiori errelebua.

Txapelketan hainbat kategoriatako ziklistek hartuko dute esku: kadeteak, gazteak, emakumezkoak, 23 urtez azpikoak, eliteak, masterrak eta beteranoak. Lasterketan antolatzaile lanetan ibili den Martin Arriolabengoak azaldu du zelako zirkuitua den: "Bi zati ditu, nahiko ezberdinak. Lehenengo zatia nahiko motela da, igoera gogor samarrak dituelako, eta jaitsieran tramu teknikoren bat edo beste. Bigarren zatia, berriz, ez da horren teknikoa, eta bai azkarra". Antolatzaileak, baina, jarraipen berezia egin diote eguraldi iragarpenei, joan den asteburuan botatako euriteek erabat lokaztuta utzi zutelako igoera, eta nekez egin zitekeelako ibilbide osoa bizikleta gainean.

Aramaioko hiru lehiakide

Lasterketan parte hartuko duten lehiakideen artean azpimarratzekoa dira ibarrean Dorletako Ama klubaren barruan dauden bi taldeak: Ederra taberna eta Lizarralde Kirolak. Ederrako ziklistak elite eta master kategoriatan lehiatuko dira –horiek antolatuko dute datorren asteko Arrasateko Opena, Gipuzkoako txapelketa izango dena– Lizarralde Kirolak taldeko ziklistak, berriz, gazteagoak dira. Hala, horietako gehienak junior eta kadete mailetan lehiatuko dira; bakarra dago elite mailan, Haritz Kortabarria aretxabaletarra. Talde horretako hiru kidek, gainera, etxean korrituko dute domekan, aramaioarrak baitira Markel Arriolabengoa, Raul Perez eta Bingen Lopez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak