Europako Txapelketan domina eskuratzeko helburuaz irtengo da bihar Unda Lituaniara

Miren Arregi Amasorrain 2009ko mar. 30a, 16:01
Maider Unda Oletako borrokalaria apirilaren 1etik 5era bitartean Lituanian jokatuko den Europako borroka libreko txapelketan lehiatuko da. Pekineko joko olinpikoen eta duela hilabete eskuratutako Espainiako txapelaren ostean, erritmo onean eta gogotsu azaldu da Unda Europako txapelketari begira. Helburu garbia du Undak; domina bat eskuratzea.

Bihar abiatuko da BAT Basque-Team taldeko Maider Unda Lituaniara, etzi hasi eta igandera arte herrialde horretako Vilnius hirian jokatuko den Europako borroka libreko txapelketan parte hartzera. Helburua, garbi du berak.

Kanporaketen ostean, Undak apirilaren 3an, egubakoitza, 72 kiloko kategoriari dagokion dominaren bat lortzea espero du. Olinpiadetan egindako lan bikainaren ostean, erritmoa hartzea kosta egin zaiola aitortu du, baina egindako lanaren ostean bere burua horretarako gai ikusten duela.

Duela hilabete Espainian jokatutako borroka libreko txapelketan lehen postua eskuratu ostean, hamaikagarrengoz eskuratu du gainera Espainiako txapela, gogotsu dago esan bezala Europako txapelketarako. Txapelketa hori dagoeneko ezaguna Oletarrarentzat. Txapelketa horretan lortutako markarik onena Bulgarian eskuratutako bosgarren postua da, izan ere Finlandian jokatutako azken Europako txapelketaren hitzorduan hamabigarren postuaz konformatu behar izan zuen.

Arerioei dagokienean, esan Undak aurkari ezagunak izango dituela Lituanian. Hain justu, Pekinen zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten Stanka Zlateva bulgariarra eta Agnieszka Wieszczek poloniarra izango dira Oletarraren arerio nagusiak. Baina, horien aurka egiteko lan handia egin du Undak Pekinetik iritsi zenetik, eta badu esperantza.

Hala ere, badira maila eta aukera handiak dituzten beste borrokalari batzuk ere, hala nola, Marina Gastl austriarra, Azerbajango Dina Ivanova edota Natalia Shynkarova bielorrusiarra, eta gogor egin beharko du borroka.

Europakoaren ostean, irailean Danimarkan jokatuko9 den Munduko Txapelketan lehiatuko da Unda, eta aurretik torneo mordoxka bat ere egingo ditu. Behin europako txapelketaren eta opor txiki batzuen ostean, gogor ekingo dio berriz ere, Munduko txapelketa prestatzeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak