Etxaguengo lursail bat erosiko dio Udalak apezpikutzari

Arritxu Barruso 2009ko mai. 20a, 18:42
Etxaguen auzoko bolatokiaren atzealdean dagoen lursaila Arabako apezpikutzarena da, baina, Udalak erosi egingo du bertan auzoko plaza izango dena eraikitzeko. 400 metro koadro inguruko lursaila da eta gaur egun auzotar batek ortu bat dauka bertan.

Apezpikutzarekin negoziazioetan ibili ostean, dagoeneko, finkatu dute prezioa eta orain ordainketa egin eta lursaila Udalaren izenean ipintzea besterik ez da gelditzen. Izan ere, azkeneko osoko bilkuran udalbatzak onartu egin zuen Udal Gobernuak terreno hori erosteko hartutako erabakia.

Azpiegitura lanak

Epe laburrean Etxaguen auzoan azpiegiturak hobetzeko lanak hasiko dituzte. Asier Agirre alkateak kalkulatzen du urtea amaitu baino lehen hasiko dituztela lanok, azaroa inguruan. Plan Foraleko diru-laguntzekin eroango dute aurrera proiektu hori, baina, lanak oraindik esleitu barik daude.


Udalaren asmoa da azpiegiturak hobetzeko urte bukaeran egingo dituzten lanekin batera hastea auzoko plaza izango dena eraikitzeko lanak. Proiektua oraindik egiteke dago, beraz, plazak izango duen itxura  zehazteko goizegi da oraindik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak