Erretiratuen Eguna urriko azken zapatuan

Edu Mendibil 2010ko urr. 22a, 10:59
Urriaren azken zapatuan ohikoa denez, Aramaioko Erretiratuen Eguna ospatuko dute hilaren 30ean. Besteak beste, azoka, meza eta artzain txakurren txapelketa izango dira Aramaion hurrengo zapatuan.

Dagoeneko egitaraua zehaztu dute Udalean. Herriko abeltzainen azoka 10:00etatik 14:00etara Nardeaga kalean jarriko dute eta artisauen eta bestelakoen postuak ere izango dira. Eguerdian, 12:00etan, herriko hainbat taldek lagundutako meza izango da San Martin elizan eta ondoren erretiratuendako bazkaria kiroldegian. Txartelak 8 eurotan salgai daude. Auzo alkateengana jo edo bestela Vital Kutxan, Euskadiko Kutxan edo udaletxean eman dezakete izena interesatuek.

Bazkalostean, erretiratu nagusiei omenaldia egingo zaie eta sarien ohiko zozketa izango da. Besteak beste, Benidormera joateko bi lagunendako bidaia zozketatuko dute.  Arratsaldean, artzain txakurren txapelketa jokatuko da Salazan baserri ondoko zelaietan, 17:30ean hasita.

Udala argazkilari bila

Urriaren 30eko ospakizunari begira argazkizale bat kontratatzeko deialdia egin du Udalak. Izenematea udaletxean egin dezakete interesatuek. Gaur, barikua, da horretarako azken eguna. Argibide gehiago udaletxean, 945 44 50 16 telefono zenbakian.

Erretiratuak, Guardiara eta Gernikara

Alaiak erretiratuen elkarteko 30 bat lagun Guardiara joango dira bihar, zapatua, Arabako beste hainbat elkartetako ordezkariekin egun pasa egitera. Eltziegora bisita izango dute lehenbizi eta ondoren Guardian bazkaria. Era berean, astelehenerako, hilaren 25erako, Gernikara joateko irteera antolatu dute Alaiakeko lagunek. 55 lagun joango dira. Bazkaria Lekeition egingo dute astelehenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak