Errepidearen arazoari konponbidea eskatzeko mozioa onartu du Udalak aho batez

Txomin Madina Milikua 2010ko uzt. 22a, 18:09
Sei hilabete pasa dira Arrasate eta Aramaio arteko bidean lur-jausia gertatu zenetik, eta orduz geroztik, itxita dago errepidea. Egoera hau dela eta, eta azken hilabeteotan Aldundiarekin izandako bilerek fruiturik eman ez dutela ikusita, ezohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Bertan, aho batez onartu zuten konponbideak eskatzeko aurkeztutako mozioa.

''Hasieran eman genien konfiantza epea amaitu da''. Horrelaxe mintzatu zen atzoko ezohiko osoko bilkuran Asier Agirre alkatea, urtarrilaren 30ean izandako  lur-jausiak eragindako errepide arazoei buruz berba egitean.

Herritarren artean interes handia piztu zuen osoko bilkurak eta Udalean ordezkaritza duten alderdien artean, adostasuna. Izan ere, alderdi guztietako ordezkariak  ados agertu ziren Aldundiak izan duen jarrera kritikatzeko orduan: EAJko zinegotzi Angel Diaz de Ceriok esaterako, adierazi zuen gertatzen ari dena ikusita,  Arabako Batzar Nagusietarako hurrengo hauteskundeetan ez diola berak ordezkatzen alderdiari botorik emango.

Aho batez onartutako mozioa

Gauzak horrela, aho batez onartu zuten Adifi eta Aldundiari zuzendutako mozioa. Mozio honetan eskatzen da kaltetutako errepidearen obrak  lehenbailehen  hastea eta errepide alternatiboa lehenbailehen zirkulaziorako egokitu eta behar diren obrak egitea.

Behin mozioa onartuta, Sustapen ministerioari, Arabako Batzar Nagusiei eta Arartekoari bidaliko diote berau.

Esan bezala, Aldundiari zuzendu zizkieten kritika gogorrenak. Agirreren esanetan, hitzak hitz, Diputazioak oraindik ez du ezer egin arazoa konpontzeko eta interesik ere ez du azaldu. Hala, alkateak zehaztu zuen arazoaz informatzeko herrira joan den bakarra Ingurumen diputatua izan dela, eta ez Aldun Nagusia ezta Errepide saileko diputatua ere ez direla Aramaiora joan.

Hasiera baten, Diputaziotik aurreikusi zuten abendua ingururako arazoa konponduta egotea. Agirreren esanetan baina, ikusitakoak ikusita, epe hori ez da inondik inora beteko.

Herritarrek, elkarretaratzea

50 herritar inguru elkartu ziren atzoko ezohiko bilkurak. Arrasaterako errepide nagusiak eta auzoetako errepide alternatiboen egoerak haserre, kezkatuta eta arduratuta dauzka herritarrak, eta halaxe adierazi zieten atzo udal ordezkariei.

Arrasatera joateko autobusean ibili behar duten haur eta nagusien egoera edo errepidea itxita egoteak merkatariei dakarkien arazoak aipatu zituzten besteak beste.

Orain arte gertatu denaren inguruan alkatearen eta gainerako zinegotzien azalpenak entzunda, herritarrek eurek ere Aldundiari presio egiteko moduak eztabaidatu zituzten bai ezohiko bileran eta baita honen ostean; hala, datorren asteartean, hilaren 27an, 9:30ean elkartuko dira kiroldegiaren aurrean, eta handik 10:30ean  Batzar Nagusien aurrean egingo duten elkarretaratzera abiatuko dira. Aramaioarrei zein kanpokoei bertara joateko deia egin zieten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak