Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken hilabeteotan, Aramaioko erreka inguruan, asko ugaritu dira arratoiak. Hori horrela Udalak arratoi gehien biltzen diren puntuak zehaztu eta kontrolatu ditu.
Arazoari irtenbide bat emateko datorren astean puntu horietan pozoia jarriko dute arratoiak akabatzeko. Udaletik azaldu dute, erreka arratoiak direla eta ez direla gizakiarendako kaltegarriak. Neurri batean errekako zikinkeria garbitzen ere laguntzen dutela azaldu dute. Baina azken aldian erreka inguruan dabilen arratoi kopuru handia ikusita neurriak hartzea erabaki dute. Pozoia erabiliko dutela-eta udaletik kontuz ibiltzeko eskatu diete herritarrei. Batez ere, umetxoak eta etxeko animaliak dituztenei.
Erreka garbitzeko lanak
Arratoiak akabatzeaz gain, Udalak Ibarra auzoan erreka garbitzeko lanak ere hasiko ditu datorren astean. Udaleko ur departamentuarekin bilera egin dute aste honetan, eta seguruenik, astelehenean hasiko dituzte lanak. Sastraka eta belar txarrak kenduko dituzte. Parke ingurua eta Aita Garbiel pareko erreka garbituko dituzte.