Erdoitza eta Bolintxo artean industrialde bat eraiki nahi du Udalak

Arritxu Barruso 2007ko abenduaren 14a

Aramaioko Udalbatza hirigintza plan orokor berria lantzen ari da. Hirigintza batzordetik azaldu dute plana nahiko aurreratuta dagoela. Asmoa da martxoan Diputazioan aurkeztea. Planak jasotzen dituen proiektuetako batzuk dira, industrialde bat eraikitzea eta Ibargoian etxebizitza gehiago egitea.

Azken plan orokorra orain dela 10 urte inguru egin zen. Horren ondorio dira Iturri Zuriko urbanizazioa eta Pedro Ignacio de Barrutia kalean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzak. Azken hauek 2009an bukatzea aurreikusten da; 40 etxebizitza dira guztira.


Plan orokor berria aurreko agintaldiko Udalbatzak hasi zuen,  eta asmoa zen aurtengo azaroko osoko bilkuran onartu eta Arabako Diputazioan aurkeztea. Udalbatza berriak, baina, ez zituen begi onez ikusten bertako zenbait proiektu. Hori horrela, plan orokor berri bat lantzea erabaki zuten eta Diputazioari plana aurkezteko epea luzatzeko eskatu diote. Hirigintza batzordeak espero du datorren urteko martxorako euren proiektuak Diputazioan aurkeztu ahal izatea. Dena dela, hori egin aurretik, hirigintza batzordeak plana herritarrei aurkeztuko die;  urtarrilean auzoetako bizilagunei eta otsailean Ibarrakoei.Plan orokorra nahiko aurreratuta dagoela adierazi dute hirigintza batzordetik. Martin Arriolabengoa batzorde horretako burua da eta azaldu du, orain, egin nahi dituzten proiektuen bideragarritasuna aztertzen dabiltzala. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren Espritur enpresa kontratatu dute.

Industrialdea

Erdoitza eta Bolintxo arteko lurretan industrialde bat eraikitzea da hirigintza planean jasotzen den proiektuetako bat. Arriolabengoak adierazi du Udalak ezin duela bere gain hartu industrialde hori eraikitzeak dakarren gastua. Hori horrela, bi aukera daudela azaldu digu : "Aukera bat da enpresa txikiak erakartzea, eta bestea, industrialdeak eraiki eta kudeatzeaz arduratzen den enpresaren bat kontratatzea". Espritus bera, edo Alava Desarrollo enpresa dira horretarako aukeretako bi.

Ibargoian eta Matxinkale

Ibargoian etxebizitza berriak eraikiko dituzte, bertako trafiko arazoari irtenbide bat emateko. Espazio gehiago lortu eta aparkalekuak egitea da asmoa. Etxebizitza gehienak babes ofizialekoak izango dira. Herriko plaza, bestetik, oinezkoentzat bakarrik izatea da asmoa. Hori egiteko, baina, Matxinkaleko trafikoa beste alde batetik bideratu beharko dute.

Hirigintza plan orokor horretan, bestetik, lur zati bat utziko dute etorkizunean zaharren egoitza eraikitzeko, eta beste bat suhiltzaileen parkea egiteko. Dena dela, zehazteke dago oraindik, zer lur zati izango diren horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak