Herrian zenbat energia eta ze motatakoa kontsumitzen den aztertuko dute. Horren arabera helburua da, gero, energia aurrezteko eta energia berriztagarriak erabili eta sortzeko bideak ezartzea. Iban Lizarralde Egimen elkarteko kidea da eta zera adierazi digu: "Dinamika berri bat sortu nahi dugu; energia aurreztu ahal izateko, baina baita sortzeko ere. Diru iturri berri bat litzateke nekazarientzat, esaterako, biogasa sortzea".
Lizarraldek azaldutakoaren arabera energiarekiko dependentzia murriztea da helburua, Aramaiok behar duen energia berak sortzea, alegia. "Hori da Euskal Herriak duen arazoetako bat; oso dependenteak gara argindarrean. Zentzu horretan, Aramaio adibide ona izan daiteke dependentzia horrekin nola bukatu ikusteko".
Bi elkarte horiek batera Euskal Herrian egiten duten horrelako lehenengo azterketa da Aramaiokoa. Orain arte, gehien bat, Frantzian eta Alemanian jardun dute lanean.