Eguzkierripa Rock jaialdia egingo dute hilaren 30ean

Datorren zapatuan rock doinuak entzungo dira Aramaion. Gazte Asanbladak Eguzkierripa Rock jaialdia antolatu du hilaren 30erako. Aurtengoa lehenengo edizioa izango da, baina, dena ondo joanez gero jaialdia urtero egitea da Gazte Asanbladaren asmoa.

Andra Mari ermitan ospatuko dute jaia. Rock doinuak iluntzean iritsiko dira, baina, festa goizean hasiko dute. Giroa berotzen hasteko, goizean, poteoa egingo dute herriko tabernetan zehar. Ondoren, kalejiran, trikitilariek lagunduta, Andra Mari ermitaraino joango dira guztiak oinez. 15:00etan, gero, bazkaria egingo dute Andra Mari ermitan bertan. Bazkarirako ticketak herriko tabernetan daude salgai, hamar euroren truke. Gazte Asanbladako kideek azaldu dute bazkalostea "entretenigarria" izango dela. Herriko bertsolariek giroa alaituko dute eta jolasak ere antolatuko dituzte bazkalostea arratsaldera arte luzatzeko asmoarekin.

Kontzertuak

Rock jaialdia 20:00etan hasiko da eta bost talde igoko dira Andra Mari ermitako zelaian ipiniko duten eskenatokira: La Madrigera (Arrasate), Galdu arte (Oñati), Sospechosos (Oñati), Nealta Folla (Aretxabaleta), Kan Out (Nafarroa) eta Gorroto (Aramaio).Edaririk ere ez da faltako, Gazte Asanbladak txosna ipiniko du-eta. Herritarrak eta inguruko rock zaleak jaialdira gonbidatzen ditu Gazte Asanbladak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.