Egurrarekin energia sortzeko aukera aztertzen ari da Udala

Arritxu Barruso 2008ko api. 11a, 17:42
Aramaioko Udalak energiaren gastua aurreztu nahi du Udalaren eraikinetan eta, herri mailan, energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi du. Horretan ari dira lanean azken hilabeteotan Udaleko ordezkari eta teknikariak.

Energiaren inguruko azterketa bat ere agindu diote Egimen Elkarteari. Honek herrian kontsumitzen den energia kopurua eta mota aztertuko ditu eta energia garbiak erabiltzeko dauden aukerak ikertuko ditu.

Aramaioko alkate Asier Agirre, Baso eta Mendietako zinegotzi Jon Errasti eta Udaleko teknikari Javier Arriolabengoa, Lons le Saunier (Frantzia) hirian izan ziren energia berriztagarrien inguruko azoka batean. Bertan egurra erregai gisa erabilita energia sortzeko dauden modu desberdinak ikusi zituzten. Herri mailan energiaren gastua aurrezteko modu ona izan daitekeela uste du alkateak.

Azoka ikusteaz gain, Censeau herria ere bisitatu zuten Frantziara egindako bidaian. 320 biztanle ditu herri honek eta Aramioko alkateak azaldu digunez egurra erregai gisa erabilita bost eraikinetan ura eta etxebizitzak berotzeko energia sortzen dute. "Oso interesgarria da Censeau herrian ikusi genuena. Egurra erreta sortzen dute energia eta ondoren, zirkuitu baten bitartez herriko bost eraikinetara eroaten dute energia hori. Etxe pribatuak ere gehitu dira zirkuitu horretara. Modu horretan gasa eta gasolioa alde batera utzi dituzte". Asier Agirrek azaldutakoaren arabera sistema hori martxan jartzeko inbertsio handia egin behar den arren, gasolioaren prezioaren azken urteotako gorakada ikusita, bost urtetan kitatuko litzateke sor hori. Horixe da, behintzat, Censeu herriko alkateak azaldu diena.

Sistema hori Aramaiorako oso positiboa izan daitekeela uste du alkateak: "Energia aurreztuko genuke eta energia berriztagarriak erabiliko genituzke. Gainera, Aramaiok egur pila bat dauka bere basoetan eta irtenbide polita izan daiteke egur horrendako".

Albert Hilaire, Censeau herriko alkatea, datozen hilabeteotan Aramaiora etorriko dela esan du alkateak; Aramaioko kasua gertuagotik ezagutzeko eta bere herrian garatu duten proiektuak Aramaion izan ditzakeen aukerak aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak