"Guk etxeko lanak eginda ditugu, eguneko zentroa eraikitzeko diru partida gordeta daukagu, lokala badaukagu eta proiektua ere landuta dago. Diputazioaren dirulaguntza jasotzeko zain gaude lanak hasteko", argitu du Asier Agirre alkateak. Agirre arduratuta azaldu da: "Proiektu garrantzitsua da, aramaioarrek urteak daramatzate eguneko zentroa eskatzen. Herritarrak, gainera, badabiltza galdezka eta izena ematera ere etorri da bat baino gehiago". Alkateak espero du Aldundiarekin hitzarmena lehenbailehen sinatzea.
Lugorri pasealekuan
Eguneko zentroa Lugorri pasealekuan egitea da Udalaren asmoa. 130 metro koadro inguru izango ditu. Zentroak gela nagusia, sukaldea, biltegia, garbitegia eta erizaintza gela izango ditu. Bestalde, bi komun izango ditu: komun arrunta bat eta geriatrikoa bestea.