EAEko zinegotzi Arriolabengoa, Uemako zuzendaritzako kide

Arritxu Barruso 2007ko aza. 16a, 11:41
Martin Arriolabengoa, EAEko zinegotzia, Uemako zuzendaritzako kide izendatu dute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urriaren 27an izendatu zituen zuzendaritzako kide berriak
EAEk hartu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko zuzendaritza. Urriaren 27an egin zen Batzar Nagusian, Uemako herrietako ordezkari politikoek zuzendaritza berria izendatu zuten. EAEko Jon Bollar (Aulesti) da lehendakaria, eta EAko Jesus Mª Goikoetxea (Artea) lehendakariordea. Gainerako kideak dira Miren Aburuza (Aduna), Maria Azpiroz (Leitza), Ainhoa Mujika (Arama) eta Martin Arriolabengoa (Aramaio). Joan den larunbatean egin zuten lehenengo Zuzendaritza batzordea Adunan, eta 2007ko balantzea onartu eta 2008ko egitasmoa landu zuten.

Helburuak

Uemaren helburu nagusia da herritarrek bizitza sozial eta politikoa euskaraz egiteko urratsak ematea. "Gure helburua da Uemako kide diren Udalerriek euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko pausuak ematea" azaldu digu Aramaioko zinegotzi Martin Arriolabengoak. Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratu nahi dituzte. Modu horretara, udalerri euskaldun guztiek bat eginda, euskara nagusi izango den lur-gune bat osatzea litzateke beste helburuetako bat.
1991n osatu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Estatuko abokatuak horren estatutuak errekurritu egin zituen eta 1995ean aldatu egin zituzten. Beti aldarrikatu izan dute, baina, bere funtzionamendua ez dela aldatu. Egun, Uema Jaurlaritzako Aholku Batzordeko kidea da eta udal euskaldunetan egin beharreko plangintzaren diseinuan ari da lanean.
Ipar Euskal Herrira zabaltzea da orain mankomunitatearen hurrengo helburuetako bat. Ipar Euskal Herriko udalerriak mankomunitatean egoteko aukera izan dezaten, egin beharreko aldaketa juridikoak aztertzen ari direla azaldu dute zuzendaritzatik.

Ekimen politikoa

Uemaren ekimen politikoa indartzea da zuzendaritza berriaren beste helburuetako bat. Lehendakaritza berriak uste du azken urteotan oharkabean pasatu dela Uemaren lana eta horri bultzada bat emateko ekimen politikoa berreskuratzea gura dute.

EAJ-ren ordezkari barik

Lehendakaritza berria osatzeko egindako Batzar Nagusian EAJk ez zituen bere ordezkariak izendatu. Alderdi horretako hautetsiek alde egin zuten bileran etenaldia egin zutenean.  Hala, EAJri dagozkion hiru karguak hutsik geratuko dira, momentuz. "Ez dugu ezer ulertzen, ez zen inolako arazorik egon, baina momentu batean eta azalpenik eman gabe utzi zuten bilera" azaldu du Martin Arriolabengoak.
Hilabetean behin elkartuko dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak euren proiektuetan aurrera egiteko. Arriolabengoak aurreratu digu urtarrilean Uema Eguna ospatu nahi dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak