Durakogain eta San Adrian arteko mendia landatuko dute

Arritxu Barruso 2008ko ots. 1a, 10:34
Aramaioko Udala da seguruenik bailaran baso eta mendi gehien dituen Udala. Guztira 500 hektarea dira ustiatzen dituztenak. Aurten Durakogain eta San Adrian bitarteko mendian egingo dituzte landaketak eta datorren urtean Ganborraldeko mendian jarraituko dituzte landaketa lanak.

Durakogaineko basoa landatzeko aurrekontua 77.000 euro inguru da. Orain, basoa ixten dihardute eta otsailaren amaieran hasiko dira zuhaitzak landatzen. Mendi batzordetik azaldu dute pinuak eta zuhaitz autoktonoak landatuko dituztela. Gutxi gorabehera, erdi eta erdi. "Pinua da diru gehien ematen duena, eta bertako zuhaitzak garestiagoak dira, dirulaguntza gehiago ematen dituzten arren. Baina bertako zuhaitzak berreskuratu nahi ditugu eta, era berean, gure inguruko mendiak pixka bat jantzi", azaldu du Errastik. Durakogaineko tontorraren inguruan landatuko dituzte bertako zuhaitz gehienak. Izan ere, asteburuetan jende asko ibiltzen da inguru horietan mendian. Gainontzekoan, berriz, pinua landatuko dute.

Durakogain eta Ganborraldeko pinuak joan den urtean bota zituzten. 42 hektarea horietan landatutako pinuengatik 360.000 euro inguru jaso zituen Udalak. Baina horren benetako irabazia askoz txikiago dela azaldu du Errastik: "Bat-batean 360.000 euro jasotzen dituzu, baina diru horren erdia, adibidez, 20 urtean basoa zaintzeko lanetan joaten da".

14 zuhaitz mota

San Adriango ermita inguruan, bestetik, bi hektareako lursail batean 14 zuhaitz mota landatuko dituzte, guztiak bertakoak. Asmoa da, gero, eskolako haurrak bertara joan ahal izatea zuhaitzak bereizten ikastera.

Arabako basogintza elkartea  

Aramaioko Udala Arabako Basogintza Elkartearen barruan dago. Elkarte horrek bitartekari lanak egiten ditu Udalak Diputaziotik dirulaguntzak jaso ditzan. 2007 eta 2017. urte bitarterako Baso Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa landu dute, eta orain, bertan ezarritako irizpideak jarraituko ditu Aramaioko Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak