Domekan, 100 bat herritarrek dantza saioa egingo dute kiroldegian

Ubane Madera 2007ko api. 20a, 18:11
Bihar, zapatua, 10:30ean egin dute hitzordua kiroldegian domekako dantza saiorako entsegu orokorra egiteko. Hori horrela, dei berezia egin diete parte-hartzaileei entsegura joateko.

Gero, domekan, eguerdian hasiko dituzte Lagun Artea dantza taldearen 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiak, 12:00etan meza esango dute-eta parrokian. Haren ostean, kultura etxerako bidea hartuko dute. Izan ere, hango paneletan zintzilikatu dute azken hilabeteotan batzen ibili diren argazki zaharrekin egindako muntaia. Bizente Mondragon aramaioarrak egin du lan hori.

Bestalde, kultura etxean bertan, omenaldi txikitxo bat egingo dutela ere aurreratu dute ospakizuna antolatzen dabiltzanek, baina sorpresa izango dela azpimarratu dute eta ez dute bestelako pistarik eman. 

Dantza saio erraldoia

Omenaldi horren ostean, kiroldegira joango dira guztiak, han dantza saioa egingo dutelako. Benetan handia izango da saioa. Izan ere, dantzari eta txistulariak kontuan hartuta, 100 bat lagunek parte hartuko du. "Orain dela 50 urte Lagun Artea taldeko kide izan zirenetatik hasi eta oraingo kideetaraino, adin guztietako dantzariak izango dira", adierazi du Ainara Inuntziagak, dantza taldeko oraingo arduradunak.

Hark gogorarazi du urtarriletik dabiltzala urteurrenerako dantzak entseatzen eta lan handia izan bada ere, gaineratu du merezi izan duela: "Oso ondo pasatu dugu. Parte hartu duen jende asko kanpoan bizi da aspaldi eta ez dute elkar sarri ikusten. Entseguek harremanak egiteko edo sendotzeko balio izan dute".

Horren guztiaren emaitza izango da etzi kiroldegian erakutsiko dutena. Xehetasunei dagokienez, egingo dituzten dantza batzuk zeintzuk diren aurreratu ditu Inuntziagak: nesken zinta dantza, painelue, mutilen arku dantza, nesken arku dantza eta txankarrankua.

200 lagun bazkaltzen

Dantza saioaren ostean, berriz, bazkaria egingo dute, kiroldegian. 200 bat txartel salduta dituzte, beraz, herritar ugarik parte hartuko du ekimenean.  

Ospakizunekin bukatzeko, Jose Gardokirekin dantzaldia izango dute, bazkal ostean.

Besteak beste, urteurreneko ospakizunetara gonbidatu dituzte Lagun Artea taldearen sorrera bultzatu zuten Gasteizko Oldarki dantza taldeko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak