Desjabetzeen aktak sinatzea bertan behera bigarren aldiz

Arritxu Barruso 2008ko eka. 18a, 18:28
Aramaion, Abiadura Handiko Trena egiteko lurren desjabetzeen aktak sinatzea bertan behera gelditu zen pasa zen hilabetean. Hori horrela, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak bigarren deialdia egin zuen gaurko, akten sinadurak Gasteizko delegazioan bertan egiteko. Bigarren deialdi honetan ere desjabetzeen akten sinatzea bertan behera gelditu da Aramaioko alkateak ez duelako akten altxamendua sinatu.

Lurren desjabetzeen aktak egiteko udalerri horretako alkateak aktak sinatu behar ditu, desjabetzeen prozesua modu egokian egiten ari dela baieztatzeko. Asier Agirre Aramaioko alkateak uste du desjabetzeak ez direla kondizio onetan egiten ari, eta aktak lursailetan bertan sinatzea eskatu du. Horiek izan dira, beraz, alkateak aktak ez sinatzeko eman dituen arrazoiak.

Alkatearen ezezkoaren aurrean akten altxamendua bertan behera gelditu da bigarren aldiz. Delegaziotik jakinarazi dute hirugarren deialdia egingo dutela hilabete barru. Kasu horretan, gainera, alkateak ez du baieztapena sinatu beharrik edukiko eta Espainiako Gobernuko ordezkaria bera izango da akten altxamendua sinatuko duena.

AHT Gelditu Elkarlaneko kideek kontzentrazioa egin dute goizeko hamarretan Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren parean. Administrazioen jarrera inposatzailea izaten ari dela salatu dute. Momentu larrian aurkitzen garela adierazi dute eta gaineratu dute gutxi batzuen interesak babestearren beste guztien eskubideen gainetik salto egitea ez dela zilegia ezta ere onargarria. Ertzaintzak prentsaurrekoan izan diren hainbat pertsonari identifikazioa eskatu die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak